EHko hainbat garagardo artisau egongo dira Udabirra-Fest jaian
Amorotarrek urteroko hitzordu berezienetako bat dute zapatu honetan. Udabirra-Fest jaia berrikuntzekin dator aurten.Hain zuzen ere, Amorotoko Kultur Taldeak Euskal Herriko garagardo artisau desberdinak gonbidatu ditu. Beraz, horien eskutik euskal ekoiz...
Hain zuzen ere, Amorotoko Kultur Taldeak Euskal Herriko garagardo artisau desberdinak gonbidatu ditu. Beraz, horien eskutik euskal ekoizleen askotariko garagardo motak probatzeko aukera izango dute zapatuan Amorotoko frontoira hurbiltzen direnek.
Horregaz batera, udalerrian egindako saltxitxa, txistorra eta txerri okelagaz prestatutako pintxoak dastatu ahalko dituzte.
Hiru garagardo ekoizle egongo dira Amoroton, eta horietatik bi bizkaitarrak izango dira: Gatikako Etxeandia eta Sondikako Txorierri Garagardoak.
Bapo jan eta edateko eskaintza zabala dakarte beste urte batez, baina kirolak ere bere tartea izango du. Izan ere, azken urteetako ohiturari eutsiz, pala jaialdiagaz hasiko dute goiza.
Lehenengo, goi mailako pala jaialdia egongo da. Josu Imaz amorotoarrak eta Jon Azanza mutrikuarrak osatutako bikoteak Aulestiko Asier Galdos Enpan eta Iñaki Undagoitia Unda bikotearen kontra jokatuko dute. 11:30ean hasiko da horien partida. Ondoren, Jon Arriaga eta Gurutz Arriaga amorotarrak eta Asier del Horno Athleticeko jokalari izandakoa eta Mikel Goñi pilotari profesional ohia ariko dira nor baino nor gehiago.
Pala partidak amaituta, Izarra eta Malen trikitilarien doinu alaiekin girotuko dute frontoia.