Eguzkia lagun, asko izan dira gaur [apirilak 29] nekazal eta arrain kontserba produktuak dastatzera eta erostera bertaratu direnak. Azokak 10:00tan zabaldu ditu ateak, eta 11:30ak orduko girorik ez da falta izan azoka eremuan. Hamazazpi ekoizleren postuak zeuden aukeran.
Ordurako, pintxoei azken ikutuak ematen zenbiltzan Goxalde elkartea, Milloitxarrak, Anaitasuna erretiratuen elkartea, Kukulumutxu kuadrilla eta Ondarroako Ezkilintxarri elkarte gastronomikoa, azken hori talde gonbidatu legez. Horiek izan dira IV. Pintxo Lehiaketan parte hartu dutenak; talde bakoitzak gutxienez lau pintxo mota egin behar izan ditu, eta lauren ordez, bost-sei ere aurkeztu dituzte lehiaketara. 12:00etarako eduki behar izan dituzte pintxoak eginda, eta hala egin dute. Dastaketa egin ostean, Ondarrokoa talde gonbidatuko kideek eskuratu dute saria. Pozik ospatu dute garaipena, eta pozez astindu dute Berriatuko Udalak emandako bandera.
Bost elkarte gastronomikok hartu dute parte IV. Pintxo lehiaketan, eta Ondarroako Ezkilintxarri elkarte gonbidatua izan da irabazlea
Ekintzailearen Eguna. Beste alde batetik, azoka eremuan bertan, Lea-Artibaiko Ekintzaile Eguna ospatu da, Azaro Fundazioaren eta Leartibai Garapen Agentziaren eskutik. Egunaren helburua ekintzaileak omentzea izan da, beraien jarduerak ezagutzera eman eta ekintzaileen arteko sinergiak bultzatzea. Sei ekintzaile egon dira euren jardunaren berri ematenĀ Enpresa Berrien V. Azokaren baitan: Berriatuko Sagarra mantzana frutategia, Etxebarriko Rosa Etxabe Artisautza, Markina-Xemeingo Iku Argazki Estudioa, Munitibarko Gazi gozo makailaua eta oliba olioa, Lekeitioko Amaia Blanco Artisautza eta Ondarroako Zainduz fisioterapia eta errehabilitazioa.
Enpresa proiektu lehiaketaren irabazleak.
13:30ak inguruan, Lea-Artibaiko Enpresa Proiektu Lehiaketaran sari banaketa ekitaldia egin da. Hiru sari banatu dituzte. Oinarri teknologiko/berritzailea duten industria eta zerbitzu enpresen atalean, Enertek enpresa izan da irabazlea, energia berriztagarrien instalazio eta mantenimenduan eskaintzen duen zerbitzu integralagatik. 2.000 euroko saria eskuratu du.
Merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresak atalean, Zainduz fisioterapia eta errehabilitazioa izan da irabazlea. Osasun arlora bideratuta egoteal eta eskualdean potentzial handia izan dezakeen zerbitzu berria eskaintzea izan dira saria emateko arrazoi nagusiak. 1.500 eurogaz saritu dute Ondarroako enpresa.
Azkenik, Kooperatiba izaera juridikoa duten enpresen atalean, Herribixi kooperatibak eskuratu du saria, “berrikuntza sozialera bideratutako eta euskal kultura eta nortasuna indartzeko helburuagaz sortutako enpresa delako”. 2.000 euroko saria jaso du.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.