Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasle, sukaldari, laguntzaile, garbitzaile eta haur eskoletako langileek greba eguna izan dute gaur [maiatzak 23], aurtengo ikasturteko hirugarrena. ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deitu dute gaurko greba, unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoko 29.000 langilerentzat.
Sindikatuen arabera, grebak martxoaren 22koaren eta
maiatzaren 16koaren antzeko jarraipena izan du, hau da,
%80 ingurukoa. Gaur eguerdian, manifestazio jendetsuak egin dituzte Gasteiz, Bilbo eta Donostian.
Ondarroa BHIko irakasleak.
Hiriburuetako manifestazioez gain, beste hainbat protesta edo elkarretaratze ere egin dituzte.
Ondarroako institutuan, esaterako, ohiko greba egin beharrean, ikastetxera joan eta
protesta beste modu batean egitea erabaki dute irakasle gehienek. Ikastetxetik bertatik aterata, auto karabana zaratatsua egin dute irakasleek, «euren aldarrikapenak jende gehiagorengana iristeko». Nabarmendu dute, egoerak hobera egiten ez baldin badu, hezkuntza publikoko langile gehiago batu eta protestekin jarraituko dutela.
Geroz eta egoera txarragoa. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du
ez daukatela grebarako arrazoirik: «Euskal Autonomia Erkidegoan
lan baldintzarik onenak dituen kolektiboa da». Baina sindikatuen esanetan, hezkuntzaren egoera oso larria da, eta geroz eta txarrago ari da izaten. Krisia hasi zenetik gaur egunera arte, hezkuntzak jasan dituen murrizketak atzera botatzeko eta lehengo egoerara itzultzeko eskaria egin zuten atzo ere sindikatuek. Besteak beste, inbertsioa Europar Batasunekoaren bataz bestekora igotzea, irakasleen ordezkoak eskoletara arinago bidaltzea eta ikasleen ratioak %10 murriztea eskatu zuten.
Baina oraindik ez dago adostasunik, eta adostasun minimo batera iristea ere zail ikusten dute. Hilabete hasieran, mahai sektorialean bildu ziren gobernua eta sindikatuak, eta ezin izan zuten akordiorik erdietsi irakasleei dagokionean. Haurreskolak partzuergoan ere mahaia bilduta egon den arren ez da akordiorik lortu. Sukaldari eta garbitzaileei dagokienean, aldiz, sindikatuek salatu dutenez, mahaian ere ez dira eseri, eta ez da bilerarik egin.