Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko lantaldeak bilera egin du gaur [maiatzak 24]. Eta bilera horretan izan dira Lea-Artibaiko ordezkariak ere. Talde hori, hain zuzen ere, lurraldean gizarte zerbitzuen mapa eta zorroa zabaltzeko lanean ari da. Azken finean, zorro deritzon hori Gizarte Zerbitzuen Legea garatuko duten dekretu/katalogoek osatzen dute. Horiek, zerbitzu bakoitza ematea zeini dagokion (udala, aldundia…) zehazten dute; eskuduntza zehazten dute.
Aldundiak azaldu duenez, lantalde hori tresna bat da Gizarte Zerbitzuei buruzko 2008ko Legeak aitortutako
eskubide subjektiboa gure lurraldean modu eraginkorrean hedatzeko; herritar batek eskubide subjektiboa badauka, horrek esan nahi du eskatzen duen zerbitzua derrigor eman behar zaiola, bai edo bai.
Lea-Artibaiko, aldundiko eta Eudelen ordezkariak, bileran.
Halaber, gaurko bileran, lantaldeak adostu du aurtengo
aparteko funtsa banatzeko irizpideak, eta proposamena Fintzetako Lurralde Kontseiluari aurkeztu diete. Proposamen horren arabera, funtsa aldundiaren eta udalen artean banatuko da (bakoitzari %50). Iaz, esaterako, 10 milioi banatu zituzten Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban; Bizkaiak 5 milioi jaso zituen, eta udalei banatu zitzaien (aldundiak ez zuen hartu). Aurten, ostera, 20 milioi banatuko dira hiru lurraldeen artean; 10 milioi Bizkaiak jasoko ditu: 5 milioi aldundiak eta 5 milioi udalentzako.
Zergatik da beharrezkoa aparteko funtsa? Aparteko diru poltsa horri esker, gizarte zerbitzuak garatzen eta gehitzeko aukera daukate erakundeek. Horrez gain, gaur egun oraindik eskaintzen ez diren/indarrean ez dauden zerbitzuak eskaintzeko aukera ere ematen du. Funts hori existituko ez balitz, gizarte zerbitzuak kolokan geratuko lirateke.
Nola funtzionatzen dute lantaldeko kideek? Lantalde horretako kideek euren barrutia dute; barruti bakoitza 50.000 biztanlez osatuta egon behar da, eta Lea-Artibaiko 12 herriek barruti bat osatzen dute. Horretan, elkarlanean eskaini beharreko zerbitzuez eta dituzten premiez berba egiten dute. Euren esparruan gizarte zerbitzuen alorrean hartu beharreko erabakiak hartzen dituzte. Gero, han jasotakoa lantalde orokorreko bileran mahairatzen dute.