“Ez diote probarik egin nahi, zer daukan ez jakiteko, baina egunero ari da okerrera egiten. Nire anaia kartzelan hiltzen ari dira”. Hala esan du Ibonen arreba
Nahia Iparragirrek, gaur [ekainak 1], Bilbon egindako agerraldian: “Nahikoa da, mendekua amaitu behar da, gaur bihar baino hobeto”. Harekin batera, Iparra Galdu Baik plataformako Andoni Urkizak hartu du hitza: “Kritikoa ez, are larriagoa da Ibonen egoera”.
Ondarroan gaur [ekainak 1] iluntzean egin dute elkarretaratzea.
Egoera hori aintzat hartuta, EAJ, EH Bildu, ERC eta Compromis taldeek
Espainiako Barne ministroaren “urgentziazko agerraldia” eskatu dute gaur Espainiako Kongresuan, hainbat galdera egitearekin batera. Besteak beste, Iparragirreren bizi itxaropena bi hilabetekoa dela egiaztatzen duen auzi mediku edo espezialista baten txostenik baduen galdetu diote Juan Ignacio Zoidori.
Etxeratek eta Iparra Galdu Baik plataformak gaur Bilbon egindako agerraldia. Argazkia: Etxerat.
Pneumonia zantzuak aurkitu, eta
Gregorio Marañon ospitalera eraman zuten asteartean Iparragirre, eta diagnosia baieztatu diote han.
Odol analisiak ere egin dizkiote, baina Urkizak azaldu du oraindik ez daukatela emaitzen berri. “Azkenengoak [iazko abendukoak] oso kezkagarriak izan ziren”. Atzo [maiatzak 31],
bisita egin zion Angelita Burgoa amak, baina
oraindik ez daukate Iparragirreren
osasun egoerari buruzko xehetasun gehiago.
Osasun publikoko mediku talde batek Eusko Legebiltzarrean hiesa eta espetxea bateraezinak direla esan badute ere, Iparragirre preso eta urrunduta daukate 2014ko martxotik
Etxerat elkarteko Patricia Velez eta Nagore Mujika, berriz, eragile eta erakundeei zuzendu zaizkie, gaitz larriak dituzten presoak askatzeko eta euskal presoen urruntzea amaitzeko “urrats irmoak” egin ditzaten. “Egoerak eskatzen duen urgentziarekin, dagokien ardura hartu behar dute”. Jaiki Hadi elkartearen azken datuen arabera, hamabi lagun daude gaitz larriak dituzten euskal presoen zerrendan —beste hamar ere badira, anonimotasuna gorde nahi dutenak—.
Iparragirreren kasuan, duela bi aste osasun publikoko mediku talde batek Eusko Legebiltzarrean azaldu zuenez, hiesa
ez da espetxearekin bateragarria, eta “arriskuan” dago euskal presoaren bizia. Sendagileen esanetan, “inguru afektibo eta familiartekoa” funtsezkoa da hiesdun gaixoentzat. Iparragirre, ordea, preso eta urrunduta daukate 2014ko martxotik. Gaitza dela eta, espetxeratze arinduan —etxean preso— egon zen 2011ko urrian espetxe araudiko 100.2 artikulua ezarri ziotenetik 2014ra arte. Berriz ere eskatu zuen neurri hori ezartzeko, baina eskaera guztiak ukatu dizkiote auzitegiek.
Testua: BERRIA