46A, 46B eta 40A atarietako
28 familia euren etxeetara itzuli dira gaur [ekainak 3]. Eurekin batera, zenbait garajetako eta lokal komertzialetako jabeak ere berriz bueltatu dira euren jabetzetara.
Baina nahiz eta 28 familia gaur etxera itzuli, beste
56 familia oraindik ere kalean daudela gogorarazi dute Ondarroako Udaleko arduradunek. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Kamiñaldeko lanak bideratzeko ekarpena oraindik ere nahikoa ez dela adierazi dute udaletik:
“laguntza bai, baina ez behar bezain bestekoa”. Zunbeltz Bedialauneta alkateak gogoratu du, nahiz eta emergentziazko lanak bukatuta egon, oraindik ere urgentziazkoak egitea falta dela, eta lan horien kostuari udalak aurre egin behar izateak,
“herria ito dezakeela”. Gainera, emergentziazko lanak likidatu arte ezin dela urgentziazkoekin hasi esan dute.
Eusko Jaurlaritzak
1,2 milioi euro bideratuko ditu Kamiñaldeko lanak bukatzeko eta Bizkaiko Foru Aldundiak berriz,
milioi bateko diru laguntza eta 2 milioiko mailegua eskaini dizkio Ondarroako Udalari. Bizkaiko Foru Aldundiak Ondarroako Udalari utzitako 2 milioiak 10 urtean itzuli beharko dira, baina udala Bizkaiko Foru Aldundiarekin mailegu horren baldintzak negoziatzen ari da: “Gure udalak egoera ekonomikoa zaila bizi du une honetan, eta beste bi milioitako mailegu bati aurre egiteak are gehiago zailtzen ditu gauzak, horregatik, herrian inbertsioak egin eta proiektuak aurrera eraman ahal izateko mailegua itzultzeko baldintzak negoziatzen ari gara” azaldu du Bedialaunetak”.
Zunbeltz Bedialauneta alkatea zenbait zinegotziz inguratuta, gaurko prentsaurrekoan.
Ondarroako Udaletik, Bizkaiko Foru Aldundiari mailegua itzultzeko, honako baldintza hauek onartzea eskatu diote Unai Rementeriak zuzendutako erakundeari: 2 milioiko maileguaren itzulpena egiteko ordainketak
2020. urtera arte ez hastea, noiz edo noiz, udal kutxa negatiboan egongo balitz, maileguaren ordainketa atzeratzeko aukera izatea eta Bizkaiko Foru Aldundiak herrietan martxan jarriko dituen proiektuen artean Ondarroako herriari lehentasuna ematea:
Plaiko zubia edota
Txorierrekako bidearen konponketa lanetan esaterako.
Zunbeltz Bedialauneta alkateak nabarmendu nahi izan duenez, Ondarroarentzat beharrezkoa da baldintza horiek onartzea, bestela udalak arazoak izango dituelako herrian premiazkoak diren beste proiektu batzuei aurre egiteko: “Beste bi milioiko mailegu bati aurre egin behar izatea gogorra da guretzat, arnas pixka bat hartu eta herrian premiazkoak diren proiektuak garatzeko beharrizana daukagu”, eta gogorarazi du Kamiñaldeko lanak ordaintzeko guztira
4 milioi euroko mailegua eskatu behar izan duela Ondarroako Udalak, herriaren urte beteko aurrekontuaren erdia zorpetuz.
Kamiñaldeko emerjentziazko lanak amaitu dituzte, baina oraindik urgentziazkoak falta dira.
Gainontzeko familiak. Bizkaiko Foru Aldundiaren erantzuna jaso bitartean udalak lanean jarraituko duela hitz eman du alkateak: “Falta diren bizilagunak etxeetara bueltatzeko mendiko lanen bigarren zatia lotuta izan behar dugu eta horretaz gain, etxeek azterketa teknikoa egina eta gaindituta izan beharko dute, baina asko ez luzatzea espero dugu”. Itzulera hori errazteko asmotan, udalak arkitektu bat eta aparejadore bat kontratatu ditu, oraindik ere kaltetuta dauden etxeetan bizilagunak sartzen hasteko beharrezko lanak zenbatu eta ahal bezain laster atari bakoitzeko lanei ekiteko.
Amaitzeko, udal arduradunek gogorarazi dute bizilagunek euren etxeetatik kanpo sei hilabete egin zituzten momentutik orain dauden etxeen alokairuaren erdia soilik ordaintzen diela Alokabidek,
250 euro etxe bakoitzeko hain zuzen, eta horregatik, etxe bakoitzaren alokairua ordaintzeko falta den gainontzeko kopurua udala ari zaiela ordaintzen familiei, bizilagunek euren San Ignazio kaleko etxeen hipoteka ordaintzeaz gain beste alokairu bat ordaindu behar izan ez dezaten.
Orain arteko diru ekarpenak. Momentuz, lur jausiak eragindako kalteak konpontzeko diru ekarpena egin dutenak ondokoak izan dira: Eusko Jaurlaritza (3,2 milioi+ aurretik emandako laguntzak= 4,1 milioi), Ondarroako Udala (3,5 milioi), Bizkaiko Foru Aldundia (2,5 milioi+2 milioiko mailegua) eta Espainiako Gobernua (2,15 milioi).
Lanen kostua 17 milioi eurokoa da.