Preso ondarrutarraren
egoera larria ikusita, Iparragirre aske uzteko beharrezkoa duten guztia egiteko eskatu die Ondarroako Udalak erakundeei. Ondarroako Udalean ordezkaritza duten
EH Bilduk eta EAJk onartu dute eskaera egitea, zinegotzi guztien aldeko botoekin. Bestalde, Ibon Iparragirreri buruz onartutako azken mozioan egin modura, bere egoeraz arduratzeko
presoari bisita egiteko konpromisoa hartu dute bi alderdiek.
Beste alde batetik, preso gaixo larriak dituzten herrietako alkateekin batera Espainiako Auzitegi Nazionaleko Jose Luis de Castro epaileari
“urgentziazko elkarrizketa” bat eskatzea ere adostu zuten.
Ondarroako Udalbatzak aho batez onartu zuen Iparragirre aske uzteko eskaera. Argazkia: Ondarroako Udala.
Ekintzak. Iparragirreren egoera larria ikusita, hainbat ekintza antolatu ditu Kalera Kalerak astebururako. Bariku gauean [ekainak 9],
bost minutuko burrunbada egingo dute, 23:00etan hasita. Domeka [ekainak 11], ostera, manifestazioa egingo dute Bilbon,
Heriotz zigorrik ez. Ibon eta preso gaixo larriak kalera! lelopean; manifestazioa Moyua plazan hasiko da, 12:30ean.
Ibon Iparragirre Ondarroara bisitan ekarri zutenekoa. Ordutik ona asko okertu da bere osasun egoera.
Bien bitartean Iparragirrek Madrilgo (Espainia)
Gregorio Marañon ospitalean jarraitzen du. Astelehenean [ekainak 5], plaka bat atera zioten, baina medikuek
emaitzak alta jaso arte ez dizkietela emango esan zieten senideei. Principe de Asturias ospitalean egin zizkioten frogen emaitzak bai jaso dituzte senideek, eta bertan agertzen diren parametroek “nahikoa aztoratuta” dagoela erakusten dute. Bihar arte [ekainak 8] Gregorio Marañon ospitalean edukiko dute Iparragirre,
erresonantzia magnetikoa egingo baitiote, bere senideek eskatuta. Iazko maiatzetik ez diote erresonantzia magnetiko batik egin Iparragirreri.
Ibon Iparragirreren osasun egoerak okerrera egin zuen
medikuek Legebiltzarrean txostena aurkeztu eta bi astera. Txosten hori, Nahia Aia eta Esti Gorostiaga medikuek aurkeztu zuten, beste
300 medikuren sinadurekin batera. Horien artean, familia medikuak, neurologoak edota gaitz infekziosoetan adituak diren medikuak zeuden.
Bi medikuekin batera,
Sareren kideak ere egon ziren Legebiltzarrean,
Giza Eskubide eta Berdintasun Batzordean. Horretan, Joseba Azkarraga Sareren bozeramaileak
Legebiltzarrari honakoa eskatu zion: Espainiako
Barne Ministroa den Juan Ignacio Zoidori bere hitzak atzera bota eta larriki gaixorik dauden presoak aske uzteko. Guzti hori, Marian Beitialarrangoitia EH Bilduren Diputatuen Kongresuko bozeramaileak ministroari maiatzaren hasieran egindako galdera batetik etorri zen, non ministroak baieztatu zuen soilik bi hilabete baino gutxiagoko bizi itxaropena duten preso gaixo larriak askatuko zituztela.
Julen Arzuaga, Legebiltzarrak onartutako dokumentua eskuetan duela. Argazkia: EH Bildu.
Horren harira,
Eusko Legebiltzarrak Ibon Iparragirre aske uzteko eskaria egin zuen barikuan [ekainak 2],
EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin. Egun berean, Espainiako Diputatuen Kongresuko
EAJ, ERC, Compromis eta EH Bilduk ere Zoido ministroaren azalpenak eskatu zituzten, Iparragirreren osasun egoera dela eta.
Iparra Galdu Baik: “Nahikoa da, noraino heldu behar gara? Amaitu dadila jada mendekua”
Espetxe Zaintzako Auzitegiak 2016ko azarotik daukan txosten hori Arartekoari eta Torturaren Aurkako Munduko Erakundeari helarazi zieten, eta Alderdi Popularreko
Juana Bengoetxearen arreta ere piztu zuen; haren esanetan, txostenak begibistan jartzen du Iparragirreren larritasuna. “Nahiz eta Zoido ministroa alderdi berekoa izan”, Bengoetxeak bere desadostasuna erakutsi zuen Legebiltzarreko Giza Eskubide eta Berdintasun Batzordean. Preso gaixo larriaren egoera azaltzeko
honako datu hauek eskaini zituzten txostenean: soilik 66 CD4 edo defentsa ditu, pertsona heldu osasuntsu batean 500-1400 inguru izaten dituztenean, 500etik bera dauzkan pertsonak kaltetua izaten du immunitate sistema, eta hauek gutxi ez eta gainera karga biral oso altua dauka, 144.000koa.
Iparra Galdu Baik plataformak salatu zuenez,
“mendekua” da Iparragirrerekin egiten ari direna. Defentsak lur jota, ikusmena ere ia galduta eta aitortutako %65eko ezgaitasuna ditu Iparragirrek, baina hala eta guztiz ere etxetik 500 kilometrora dago espetxeratuta. Egoera horrek, presoaren senide eta lagunei ordu askoko bidaiak egin behar izatea suposatzen die, eta etxetik hain urrun egoteak ere presoari berari ez diola mesederik egiten azpimarratu zuten:
“Nahikoa da, noraino heldu behar gara? Amaitu dadila jada mendekua”.