1500 pertsona inguru batu ziren atzo [ekainak 11] Bilbon Ibon Iparragirre Ondarroako preso gaixo larriaren askatasuna eskatzeko.
Heriotz zigorrik ez. Ibon kalera! Preso gaixoak kalera! lelopean Eliptika plazatik atera ziren 12:30ean.
Manifestazio burua Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza parera iritsi zenean, dantzari batek agurra dantzatu zuen espetxetan dauden euskal preso gaixo larrien omenez. Orduan, Oihana Garmendiak hartu zuen hitza Kalera Kalera mugimenduaren izenean: “Iparragirrek ez du denbora asko. Bi hilabete? bi aste? edo bi egun?”. Nabarmendu zuen, Espainiako Gobernua dela egoera honen erantzule, eta egoerak horrela dirauen bitartean Espainiako Gobernua “gerra posizioan dagoela”. Gaineratu zuen, ez dutela Espainiak inposatu nahi duen garaile eta garaituen gidoia onartuko, eta ezta ere presoak xantaia egiteko erabiltzea.
Ibon Iparragirreren ama izan zen pankarta eramn zutenetako bat.
Bere hitzaldian, Eusko Alderdi Jeltzaleko presidente Andoni Ortuzarri ere galdera zuzena bota zion Kalera Kalerako bozeramaileak: “zer irabazten du euskal gizarteak espetxeetan beste hildako batekin?”. Baina Ortuzarrentzat ez ezik, Iñigo Urkullu Lehendakariari ere mezu zuzena bidali zioten atzo Bilbon: preso gaixo larrien bizitzak salbatzeko ea zer egiten ari den azaltzeko eskatu zioten. “Justizian eta bakean oinarritutako etorkizun bat eraikitzeko guztion beharra” dagoela esan zuen Garmendiak, eta horretarako “preso politikoek ere kalean egon behar dutela” gaineratu zuen. Manifestazioa, Kale Nagusitik eta Buenos Aires kaletik barrena igaro zen, Areatzako zubian amaitzeko.
Preso gaixo larrien senideak egon ziren manifestazio buruan, euren etxekoen argazkiekin.
Espetxean. Bien bitartean, Ibon Iparragirrek Alcala Mecoko espetxean jarraitzen du preso. Pasa den ostegunean, EH Bilduko Jon Iñarritu senatariak Espainiako Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusi Angel Yusteri Iparragirreren egoerarengatik galdetu zion. Yustek, “Iparragirreren egoera espetxe zigorra betetzen jarraitzeko adinako ona” badela erantzun zion. Gainera, bere osasuna ez hobetzearen erruduna Iparragirre bera dela esan zuen, “ezarritako tratamendua ez jarraitzearren”.
Munduko Medikuen Elkarteak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko mediku forentseen aurkako salaketa aurkeztu zuen hilabete hasieran, tortura eta tratu txarren salaketa batzuen kasuan egindako lana dela eta. Horren harira, Espainiako espetxeetan dauden preso gaixo larrien egoera ere gogorarazi zuten: “Txus Martín, Aitzol Gogorza, Ibon Fernández Iradi eta Ibon Iparragirreren biziak arriskuan daude, eta kasu guztietan, ezinezkoa da behar duten tratamendua kartzelan jasotzea”.
Mirta Fabre psikologoak, Susana Etchegoyen medikuak eta Olivier Peter abokatuak prentsaurrekoan azaldu zutenez, Espainiak badauka eskubidea preso horiek kartzelan mantendu nahi izateko, “baina horrek ez du esan nahi beraienak diren eskubideak urratu behar dizkietenik”. Presoek espetxean izan dezaketen etorkizunaren inguruan ere argi mintzatu ziren: preso gaixo larriren bat bere ziegan hilko balitz, Espainiako Estatuarena eta askatasuna gomendatzeko gauza izan ez diren medikuena izango litzateke erantzukizuna.
Andoni Ortuzar: EAJk denbora luzea darama espetxe politikak aldatzeko eskatzen.
Maiatzaren hasieran, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide diren euskal presoek “deserriratze eta sakabanaketa politikak” amaitzeko beharrezkoa dena egiteko eskatuz gutunak bidali zizkieten Iñigo Urkullu lehendakariari, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariari eta Eusko Alderdi Jeltzaleko Euzkadi Buru Batzarrari.
Asteburu honetan, Euzkadi Buru Batzarraren izenean Andoni Ortuzar izan da gutunei erantzun diena. Nabarmendu du, “denbora luzea” daramala EAJk espetxe politikak aldatzeko eskatzen. Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak ukatu egin du jeltzaleek duela 30 urtetik indarrean den sakabanaketa politika bultzatu izana, eta gehitu du, EAJk “denbora luzea” daramala espetxe politikak aldatzeko eskatzen.
Azkenik, Sarek, Ibon Iparragirreren egoera salatzeko elkarretaratzea deitu du ekainaren 17rako, 16:15etan, Donostiako San Telmon.