Motrilgo
Ultratrispain proban bosgarren postua eskuratu berri du Aldazabal (Lekeitio, 1973) Alarabiko triatletak; egin duenagaz oso pozik dagoela eta hasierako helburua amaitzea zuela adierazi du.
Granadako Motril herrian egin den Ultratrispain proban ibili zara, eta, gainera, emaitza ona lortu, bosgarrena. Zer nolakoa izan da esperientzia?
Ultraman proba bat da, ultrafondoko txapelketa bat, hain zuzen. Azken batean, bosgarren postu hori gutxiena da. Helburua parte hartzea zen, eta proba amaitzea eta ahalik-eta gehien gozatzea probagaz. Emaitza ongietorria izan da. Formatu desberdina da, hiru egunekoa, eta zugaz talde bat eraman behar duzu hiru egun horietan.
Zer egin behar izaten da hiru egun horietan?
Lehenengo egunean igerian eta bizikletan egiten da. Bigarren egunean bizikletan, eta hirugarrenean, korrika. Distantziei dagokienez, lehenengo egunean 10 kilometro igeri eta 145 kilometro bizikletan izaten dira. Bigarren egunean 275 kilometro bizikletan, eta hirugarren egunean maratoi bikoitz bat egiten da, 84 kilometro korrika. Egun bakoitzean hamabi ordu dituzu etapa bakoitza gainditzeko, eta etapa bakoitza hamabi ordutan egin behar duzu. Hamabi ordutan ez baduzu amaitzen, sailkapenetik kanpora geratzen zara. Hurrengo egunean uzten dizute proba egiten, baina ez zara sailkapenean agertzen.
Zenbat parte hartzaile izan zineten?
Probak parte hartzaile kopuru mugatua dauka, 50 parte hartzailekoa. Gu 48 izan ginen guztira, eta proba 22 parte hartzailek amaitu genuen. Bigarren eguneko bizikleta oso gogorra izan zen, 5.500 metroko desnibel positiboagaz egin behar izan genuen.
Ultratrispain proba profesional bat da?
Ez da Ultraman ofizial bat. Parte hartu dugun guztiok ez gara hortik bizi. Beharbada, bat edo bat hemendik bizi da, babesleak dituelako, edota beste bizimodu mota bat duelako. Parte hartu dugun guztiok amateurrak gara.
Noiz jokatzen da?
Bigarren Ultratrispain proba izan da aurtengoa, eta maiatzean izaten da. Antolatzaileetako batek Galesen egin zuen ultraman bat, eta handik etorri ostean, Espainian ere horrelako proba bat antolatzea erabaki zuen.
Zenbat eta nola entrenatu duzu horrelako emaitza bikaina eskuratzeko?
Nik kirola beti egin dut. Eta beti egiten ditut horrelako zailtasun probak. Normalean urte guztia entrenatzen dut, eta hiru diziplinak lantzen ditut. Bizikleta ondo eramaten dut, gehien gozatzen dudan diziplina baita. Igeria da txartoen daramadana. Gehien kostatzen zaidan diziplina da. Entrenamendu gehienak Lekeition egin ditut. Proba prestatzen 4-5 hilabete egin ditut, eta ondo etorri zait burua psikologikoki prestatzeko ere.
Norbaiten laguntza edo gomendioak jaso al zenituen?
Ez, nire kontu bat izan da. Nire poltsikotik ordaindu dut dena. Probaren berri Youtuben bideo batzuk ikusten nengoela izan nuen. Eta hurrengo urterako izena ematea pentsatu nuen.
Zure agendaren barruan al zegoen Ultraman bat egitea?
Bai, Ultramana egitea begiz jota nuen orain hiru urtetik. Eta begira ibili nintzen. Gertuen zegoen Ultramana Galesen zen. Baina bidaiatu egin behar zen, eta talde bat eraman behar nuen nigaz; azpiegitura zaila zen niretzat. Eta Granadakoa agertu zenean, izena ematea erabaki nuen.
Ze helburugaz joan zinen?
Proba amaitzea zen nire helburua. Munduko proba gogorrena bezala saltzen dute antolatzaileek. Nik besterik ez dut egin, baina ikusita zenbatek amaitu dugun, eta jendeak zelan pasatu duen, oraintxe sinisten dut, gogorrena ez bada, gogorrenetariko proba dela egin dudana.
Pozik al zaude lortutakoaz?
Bai, pozik nago. Lehen esan bezala, helburua amaitzea zen, eta halako emaitza batek jarraitzeko indarra eta gogoa ematen dizkizu. Lana ondo eginda joan naizen seinale izan da.
Eta aurrera begira, ze espero duzu?
Probarako entrenatzen egon nintzenean uste nuen hori izango zela azkena. Baina orain hutsik geratu naiz. Eta orain zer? Hilabete barru Pirinioetara joateko asmoa daukat, egun bateko proba bat da. Ironman distantzia dauka, baina hori ere oso oso gogorra da. Ea zelan irteten zaidan.
Lortutako emaitza nori eskainiko zenioke?
Familiari eta lobari eskainiko nioke, duda barik, familiako laguntza barik ez zen posible izango eta. Meritua niri ematen didate, baina meritua beraiek daukate; beraiek izan dira niri lagundu didatenak entrenamenduetan eta proban. Beraiek izan dira babes-taldea.
Aholkatuko al zenioke beste norbaiti parte hartzea?
Mundu guztiari gomendatuko nioke. Nik gozatu egin dut. Ez dut arazo muskularrik izan. Beste arazo batzuk izan ditut, ordea, hanka azpian korrika egiterako orduan. Badakit oso gogorra dela, asko entrenatu behar dela, baina ahal izanez gero, berriro egingo nuke.