San Ignazio kaleko 44A eta 44B atarietakoak bihar [ekainak 22]
09:30ean itzuli ahal izango dira beraien etxebizitzetara. Hori eman du jakitera Ondarroako Udalak gaur arratsaldean Kofradia Zaharrean bizilagunekin edukitako bileran.
Udalak mendiko finantziazio plana aurkeztu zuen geologoekin edukitako azken bileran, eta egoera ikusita lanen zati garrantzitsuena burutuko dela baieztatu zuten, eta orain, bizilagunak euren etxebizitzetara itzultzea onartu dute teknikariek.
Itzuli ezin diren San Ignazioko bizilagunak, atarietan kalteak dituztenak, alde batetik, eta etxebizitzak apurtuta dituztenak bestetik “ahalik eta arinen” euren jabetzetara itzultzea da Ondarroako Udalaren helburua. Horren harira, “etxebizitzak ondo dituzten, baina atariak kaltetuta dituzten bizilagunak
andramarietarako etxean egotea” aurreikusten dutela nabarmendu du Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak. Etxebizitza barruan kalteak dituzten bizilagunek, berriz, denbora gehiago itxaron beharko dute; azken horiek
urtarrilerako euren etxebizitzetan egotea aurreikusten dute. Urrian fatxada eta terrazen konponketagaz hasiko da udala, eta lan horien ostean hezetasun-kengailuek 60 egunez lanean egon behar dutenez, horrek atzeratu egingo du itzulera.
Saiñazio Mendi Azpixan gestorako bozeramailearen berbetan, albiste ona izan da gaurkoa, eta «nahiko pozik» daude; “baina poza erabatekoa izateko beharrezkoa izango da oraindik ere kanpoan dauden zazpi familiak euren etxebizitzetara itzultzea eta aurreikusitako data guztiak betetzea”.
Halaber, nahiz eta familia gehienak San Ignazioko etxebizitzetara itzuli, mendiko lanek dirauten bitartean euren egunerokotasunak baldintzatuta egoten jarraituko duela nabarmendu dute: “Mendi magalean lanean ari diren bitartean, etxeen atzeko aldeak itxiko dituzte, egurrez, segurtasunagatik”. Arazoa ez dagoela erabat konponduta esan dute, eta
gestorak orain arte bezala lanean jarraituko duela.
Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkatea: “Ondarroako herria da Kamiñaldeko kaltetu zuzena, herriarentzako berebiziko garrantzia duten hainbat proiektu egin barik geratuko direlako”
Udalak aitortu du familia hauen urduritasuna eta ezinegona ulertzen dituela, eta beraiekin informazioa zuzenean elkartrukatzeko lan talde bat eratzeko asmoa duela. “Informazioa zuzenean kaltetuek jasotzea garrantzitsua da guretzat, beraien kezka eta ardurak jaso eta posible dugun neurrian zalantzak argitzeko” azaldu du Bedialaunetak.
Diru premia. Bizilagun gehienak etxebizitzetara itzultzeko moduan dauden arren, lan guztien kostua oraindik ere ordaindu gabe dagoela gogorarazi du udalak: “Lanak bideratzea lortu dugun arren, oraindik ere Kamin?aldeko mendi magala egonkortzeko lan guztiak ordaintzeko dirua falta zaigu”. Gainera, diru premiak eta lanak ordaindu behar izateko banketxeekin eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz hitzartutako maileguek asko kezkatzen dute udala. Lanen zati bat ordaintzeko, 4 milioiko mailegua eskatu behar izan zuen, herriak urte beterako duen aurrekontuaren erdia zorpetuz. Kezka handiz mintzatu da alkatea gai horren inguruan gaurko bileran: “Ondarroako herria da Kamiñaldeko kaltetu zuzena, herriarentzako berebiziko garrantzia duten hainbat proiektu egin barik geratuko direlako, Kamin?azpiko urbanizazio proiektua, futbol zelaiko azpiegiturak hobetzea, Kaleandiko igogailua eta beste asko…”Baina ildo beretik, Bedialaunetak gogorarazi du “udalean, herriaren mesedetan lanean” jarraituko dutela eta “beharrezkoa den leku guztietan joko dutela atea”, herrian behar-beharrezkoak diren proiektu guztiak gauzatu ahal izateko.
Bedialauneta: “Hurrengo urtean Ondarroa Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontuetan kontuan hartzea nahiko genuke”
Beste alde batetik, Ondarroako Udalak eskari zuzena egin die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, “aurten egin ez bezala”, Ondarroako gaia beraien aurrekontuetan aurreikustea eskatuz. Udalak gogorarazi du ez Eusko Jaurlaritzak ezta Bizkaiko Foru Aldundiak ere ez dutela euren aurrekontuetan Kamiñaldeko arazoa konpontzeko dirurik bideratu, eta horrek “azken momentura arte finantzazioa ezin lotuta” ibiltzea ekarri diola udalari. “Hurrengo urtean Ondarroa Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontuetan kontuan hartzea nahiko genuke”.
Lanbideren bulegoa. Kamiñaldeko mendi magala erori baino lehenago zegoen leku berera itzuliko da Lanbideko bulegoa ekainaren 27an. Horrenbestez, Lanbidek ekainaren 27tik aurrera San Ignazioko bulego berrian eskainiko die zerbitzua enpresa eta norbanakoei.
HONEKIN LOTUTA: