XX. Zapato Azule, bustita baina jai giroan
[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Euskal Herriko Kamiseta Azokan 23 postu egon dira, eta zabaldu denetik 15:00etaraino jende ugari ibili da. Ondarroako 9 salmenta gune egon dira, eta 13 izan dira Euskal Herriko beste leku batzuetatik etorri direnak. Saltzaileak pozik agertu dira egon den giroaz. Euskal Herriko kamiseta onenaren saria Hernaniko Aiko Maikorentzat izan da, eta Ondarroako kamiseta onenaren saria berriz Radixu irratiarentzat. Erakuslehio onenaren saria Klik Klak dendak irabazi du, iaz modura. Dendako arduradun Yolanda Eizagirrek jaso du saria Alaiko balkoian. Goiz guztian ez da girorik falta izan Alde Zaharrean. Kresalako Banda eta Artelango erraldoiak, txistulariak, Ttek elektrotxaranga eta irrintzilariak arduratu dira jaia girotzeaz.[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Pregoian ere hainbat gai jorratu dituzte Radixu irratikoek: Imanol Oruemazaga Baseta omendua, San Ignazio kaleko kaltetuak eta Kamiñaldeko mendia, nesken eta mutilen arraun taldeak… Omenduak. Aurten, Ondarroako musikari rockeroak izan dira Zapato Azuleko omenduak. Musikari rockeroak izan diren, gaur egun diren eta etorkizunean izango direnak omendu nahi izan dituzte. Omenaldia jasotzera, 12 musikazale igo dira. Jaia herriko beste zenbait txokotara zabalduko da orduak aurrera joan ahala. Musika Plazako txosnak 19:00etan zabaldu dituzte, eta besteak beste, Xabi Solano eta DZ, Elepunto, Ardi Baltzak, Erokomeri eta Bad Sound System igo dira oholtzara. Arrigorri hondartza gaineko begiratoki jai elektronikoa Portuko Ranpan egin da azkenean.