Pedalkadaz pedalkada Lea-Artibai eskualdea zeharkatuko dute zapatuan [uztailak 8]
Lea-Artibai Klasikoa errepideko zikloturista martxan parte hartuko duten txirrindulariek. Era horretako probarik ez dagoela eta, maila guztietako txirrindulariek parte hartzeko moduko martxa antolatu du estreinako, Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteak. “Orain dela hogei urte baino gehiago egin zen zikloturista martxa bat, baina ez da gehiagorik egin”, azaldu dute. Elkartasun martxa izango da, gainera; izen ematetik ateratzen duten dirua
Izarbidean elkartearentzako izango da batez ere.
Txirrindularia Lea-Artibaiko errepideetan zehar. Argazkia: Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkartea
Distantzia ezberdinetako lau ibilbide egongo dira aukeran, nahi duen guztiak parte hartu ahal izateko: 43 kilometroko ibilbide motza, 70 kilometroko ibilbide ertaina , 96 kilometroko ibilbide luzea eta 110 kilometroko ibilbide oso luzea. Guztiak,
09:00etan hasiko dira Markina-Xemeingo Plazabarripean, eta bertan izango da baita ere amaiera.
Lea-Artibaiko herri guztietatik igaroko da martxa., baserri bide zein errepidetik. “Bizikletan ibiltzeko eskualde ederra da. Maldak gora eta behera badagoz, baina zirkuitu oso polita izango da”, nabarmendu dute antolatzaileek. Amaieran gainera, mokadutxoa hartzeko aukera eta sariak ere egongo dira.
Omenaldia. Bestalde, txirrindulari berezia izango dute ondoan parte hartzaileek. Izan ere, txirrindulari moduan hazten ikusi zuten
Amets Txurrukari omenaldi bat egin nahi izan dio Markina-Xemeingo Txirrindulari Taldeak, eta Lea-Artibaiko Klasikoko parte hartzaile izango da bera ere. “Lehenengo dortsala eramango du”.
Txurrukagaz ibilitako beste txirrindulari batzuk ere etorriko direla aurreratu dute antolatzaileek. “Bere ibilbidea goraipatzeko keinu bat egin nahi izan diogu”.
Oraindik parte hartzeko izenik eman ez duenak horretarako aukera izango du
www. kirolprobak.com webgunean sartuta. Antolatzaileek azaldu dutenez, parte hartu ahal izateko izenak aldez aurretik ematea eskatu dute “proba hobeto antolatu ahal izateko”.