Lekeitioko Bandak botako du aurten San Antolin jaietako txupina
Gaurko aurkezpenean jakitera eman dutenez, egitarauan ez badator ere, ekintza berezi bat egongo da jaien atarian. Izan ere, Garraitz Kirol Taldeko Mireia Arrillaga triatleta Urrian Hawaii (AEB) uhartean lehiatuko den Munduko Ironman Txapelketarako sailkatu da, eta kirolariari bertara joaten laguntzeko txerriki eta sagardo dastaketa bat antolatu dutela azaldu zuen Luis Aretxabaleta Garraitz Kirol Taldeko lehendakariak. «Emaitza bikaina lortu du Mireia Arrillagak Kopenhagen (Danimarka) bere mailan (25-30 urte) lehen postua eta sailkapen orokorrean zortzigarren».
Bigarren aldia da Arrillaga Munduko Iroman-a egiteko sailkatzen dena. «Lehenengoan baina, ezer esan barik, bertan behera utzi zuen aukera, proba horretan parte hartzea garestia delako. Oraingoan argiago ibili gara eta izena ematera animatu dugu». Udalak laguntza eman duela ere zehaztu du Aretxabaletak. Hala ere, gehiago behar dute, eta horretarako izango da etzi [abuztuak 30] 12:00etan eta 19:00etan hasita, Euskal Txerri Elkarteagaz eta Eusko Labeleko sagardogileekin batera, eskainiko duten dastaketa. Bandakoak, txupinero. Urtero bezala, kuadrilen bajadagaz hasiko dira jaiak. Aurten baina, apur bat arinago hasiko da bajada «Iaz konturatu ginenez jendea ez da heltzen-eta 20:00etarako» azaldu du alkateak.«1980 urtean hasi ziren lehian Isuntzako mutilak eta orduan egin bezala, aurten lehian hasi den nesken taldeak hasiko du Antzar jokoa»Txupina, bestalde, aurten 150 urte beteko dituen bandako musikariek botako dute. Bandakoak izan diren nagusienek eta gaur eguneko gaztetxoek emango diete jaiei hasiera, eta ordezkari modura, aurkezpenean egon da gaur, bandako kide izandako Anton Santamaria. Berritasunei dagokienez, bestalde, domekan [irailak 3], herri kirolak itzuliko dira Lekeitiora. Goizeder Beltza eta Areso nafarrek eta Alex Txikon eta Ernesto Bihurrin bizkaitarrek egingo dute aizkoran. Harri jasotzen berriz, Ostolaza aita eta alaba ariko dira. Horrez gain iparraldeko jokoak egongo dira eta Ousman senegaldarrak txinga eroaten egingo du. Isuntzako neskak aurretik. Antzar jokoak ere hasiera berezia izango du. Isuntzako nesken traineruak emango dio hasiera aurten jokoari. «1980 urtean hasi ziren lehian Isuntzako mutilak eta orduan egin bezala, aurten lehian hasi den nesken taldeak hasiko du». 0 zenbakia eramango dute Isuntzako neskek. Bestalde, hegaztien gripea dela eta bertoko antzarrak erabiliko dira oraingoan, eta horrek murriztu egingo duela esan dute, benetako antzarren kopurua; beste guztiak Antzartek izango dira. Segurtasuna kontuan. Irailaren 1etik 5era batez ere jende asko batzen dela Lekeition gogora ekarri du alkateak. Hori dela eta, segurtasun neurriak hartu eta aldaketa txiki batzuk ere egongo direla zehaztu du, bai bajada egunean bertan, bai eta beste egun batzuetan ere. «Logikoki ezin dira zeintzuk izango diren esan, eta beraz, herritarrei Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren argibideak jarraitzea eskatzen diegu. Azken finean denen onerako dira». Horrez gain, Udalak eraso sexistarik ez bestelako erasorik ere «ez duela onartuko» nabarmendu du alkateak. Bide horretatik, azken urteetan bezala, Eraso sexistarik gabeko gunea jarriko dute Antzar egunean plazan. Gunea 12:00etatik 15:00etara egongo a zabalik, eta bertan, eskumuturreko, txapa eta zapiez gain, emergentzia kasuetarako telefonoak ere aurkitu ahalko dira. Udaletxeko balkoian jarriko dituzten pankartetan ere telefonoak egongo direla gaineratu dute.