Eraso sexisten aurkako ekintzak egingo dituzte Lekeition
Potxuak Martxanek antolatuta, ekintzak eguaztenean [abuztuak 30] eta eguenean [abuztuak 31] egingo dituzte. Eguaztenean, esaterako, 19:30ean Eskolapean batzeko dei egin dute. Erasuen aurrian zer? izenburupean, jaietara begira elkarlanean sortu duten protokoloaren nondik norakoak azalduko dituzte. “Protokolo horrekin lortu nahi duguna da jendeak horrelako kasuren bat gertatzen denean –norberari, inguruko bati…– jakitea zer egin behar den edo nora jo behar duen”. Halaber, protokoloa bera jendaurrean azaltzeaz batera, eraso sexisten aurrean herritarrak saretzeak daukan garrantzia agertuko dute.
Eguenean, ostera, manifestazioa egingo dute, 21:00etan, Tortola kaletik abiatuta. Manifestaziora Erasotzaileori, kontuz gugaz! lelopean egingo da eta herritarrei beltzez jantzita joateko deia egin diete.