Urriaren 18an estreinatuko dute
Obabakoak obra Bilboko Arriaga antzokian.
Calixto Bieito Arriaga antzokiko zuzendariaren zuzendaritzapean, 11 euskal aktorek parte hartuko dute obran, eta tartean da
Ainhoa Etxebarria ondarrutarra.
18an eta 19 goizean taldeentzako saioak eskainiko dituzte; 19 arratsaldetik 21era publiko guztientzako saioak eskainiko dituzte (20:00etan).
Casting zabala egin zutela eta hara aurkeztu zela azaldu du Etxebarriak. “Asko izan ginen casting-era aurkeztu ginenak. Baina casting-a egin genuen jakin barik ze antzezlanerako zen”. Eta hara non, Etxebarria Arriaga antzokiak ekoizten duen Obabakoak obrarako aukeratu zutela. “Gero beste aktore batzuk aukeratu zituzten Los cuartitos del Arriaga izenburupean egiten diren beste lan batzuetan parte hartzeko”.
‘Obabakoak’ antzezlanean parte hartzen duen aktore taldea.
Hasiera baten
euskaraz estreinatuko dute,
urriaren 19tik 21era.
Azaroan, ostera,
gazteleraz estreinatuko dute (azaroak 23-26). “Dena dela, urrian euskaraz estreinatu eta gero, jarraian Bartzelonara joango gara. Han Lliure antzokian ariko gara”. Behin Bartzelonan aritu eta gero, Gironara eta beste hainbat hiritara ere joango dira. “Europa mailan ere bira egingo dugu”.
Bieito zuzendariaren berbetan, “ikutu beltza eta zirraragarria duen mundua da Obaba”. Eta horixe bera da agertokian erakutsiko dutena.
Azken egunetan
entsegatzen ibili direla dio Etxebarriak. “Agertokian bertan irakurketa egiten aritu gara, eta aktore guztioi iruditu zaigu oso azkar goazela. Dena segituan doa itxura hartzen, eta pozik gaude”. Aktoreen artean ere giro ona dela nagusi esan du. “Sekulako giro ona daukagu”.
Obra bera oso ikusgarria izango dela aurreratu du Etxebarriak. “Proiekzioekin lagunduta, fantasiazko mundu batean barneratzeko aukera ematen du obrak”. Ondarrutarrak berak agertu duenez, Bieito zuzendariaren berbetan, “ikutu beltza eta zirraragarria duen mundua da Obaba”. Eta horixe bera da agertokian erakutsiko dutena.
Oraindik entseguetan murgilduta badaude ere, talde osoa ilusioz eta gogotsu ari da lanean.
1988an argitaratu zuen Bernardo Atxagak
Obabakoak liburua. Azken hamarkadetan gehien saritu den euskal eleberria izan da, eta, besteak beste, Espainiako Narrazio Saria jaso eta hogei hizkuntzatara itzuli zuten.
2006an, ostera,
filma estreinatu zen, Montxo Armendarizen zuzendaritzapean. Eta
11 urte eta gero, antzerkira egokituta ikusi ahalko da Obabakoak.
FITXA:
- Bertsioa eta zuzendaritza: Calixto Bieito
- Eszenografia: Susanne Gschwender
- Argiztapen diseinua: Michael Bauer
- Proiekzioak: Sarah Derendinger
- Jantzi diseinatzailea: Sophia Schneider
- Aktoreak: Ainhoa Etxebarria, Joseba Apaolaza, Ylenia Baglietto, Gurutze Beitia, Ainhoa Etxebarria, Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza, Karmele Larrinaga, Itziar Lazkano, Koldo Olabarri, Lander Otaola eta Eneko Sagardoy.
- Sarrerak, salgai, Internet bidez.