Lartitegi neba-arreben garaipen eta podiumak
Amaia eta Lander Lartitegi busturiarrek denboraldi bikaina burutu dute. Kadete mailako hainbat lasterketa irabazi, eta Espainiako Txapelketan emaitza oso onak lortu dituzte. Egin dutenagaz pozik, ikasten jarraitzeko gogotsu daude.Umetan herriko taldean...
Amaia eta Lander Lartitegi busturiarrek denboraldi bikaina burutu dute. Kadete mailako hainbat lasterketa irabazi, eta Espainiako Txapelketan emaitza oso onak lortu dituzte. Egin dutenagaz pozik, ikasten jarraitzeko gogotsu daude.
Umetan herriko taldean hasi ziren pedalei eragiten, eta ordutik, hamaika lasterketa lehi- atu dituzte Amaia eta Lander Lartitegik (Busturia, 2001). Sarritan elkarregaz ateratzen dira errepidera, han eta hemen entrenatzera, eta zenbait lasterketatan ere biek parte hartzeko aukera izaten dute.Lander 8 urtegaz hasi zen Busturia Txirrindulari Taldean, eta Amaia urtebete beranduago: «Lander hasi zenean bere lasterketak ikusten joaten nintzen, eta ikusi nuen neskak ere bazeudela. Orduan aitari esan nion nik ere hasi gura nuela».
Iurretako emakumezkoen CAF taldeko kidea da arreba, eta neba, berriz, herriko Basati Bike taldekoa. Biek ala biek emaitza bikainak lortu dituzte aurten, eta egindako denboraldiagaz «oso pozik» daude. Besteren artean, arreba da aurtengo Espainiako txapelduna, eta neba Bizkaikoa. Halaber, Lander Espainiako txapelketatik ere ez zen esku hutsik bueltatu. Taldekako erlojupeko saioan zilarrezko domina eta lasterketakoan brontzezkoa irabazi zituen.
Bestalde, Busturian lehenengoz antolatu dute aurten emakumezkoen lasterketa, eta Lartitegi sartu zen lehenengo helmugan: «Herrikoa izanda, irabazi beharra neukan bai ala bai». Norbere herrian garaipena lortzeak ilusio berezia egiten duela zehaztu du, baina presio handiagoa sentitu zuela ere aitortu du. «Presio handia izan nuen. Jende ezagun asko zegoen ikusten, eta oso urduri jarri nintzen». Era berean, neba nagusitu zen ekaineko kadeteen Busturiko Udala Sarian.
Espainiako Txapelketari dagokionez, uztailean Avilan (Gaztela-Leon, Espainia) jokatu dute aurten. Amaiak hirugarren urtez jarraian parte hartu du aipatu txapelketan; bakarka ez ezik, taldeka ere urrezko domina eskuratu du, eta erlojuaren kontrakoan, berriz, zilarrezko domina.
Iaz Meridan (Extremadura, Espainia) lehiatu zuten, eta laugarren sailkatu zen bakarkakoan. 2015ean umeen mailan lehiatu, eta taldeka brontzezko domina irabazi zuten Lorcan (Murtzia, Espainia). Nebarentzat, ostera, bigarren urtea izan da. Orain dela bi urte taldeka bigarren sailkatu ziren, eta bakarkakoan zazpigarren sailkatu ziren: «Esperientzia berria izan zen guretzat; ondo egon zen».
Aurtengo denboraldiari dagokionez, emakumeen Euskalduna Torneoan bigarren sailkatu da Amaia, eta Lander hirugarren geratu da Gaztetxoak Torneoan.
«Guk mutilen lasterketetan ere parte hartu ahal dugu, eta baditugu neskenak bakarrik direnak». Iaz berak irabazi zuen torneoa, eta, bere berbetan, lasterketa guztietan lehenengo bosten artean sailkatzea izan da bere helburua. «Hamabost bat lasterketa ditu torneoak. Aurten denetan parte hartu dut, eta nahikoa ondo ibili naiz. Taldeak lasterketa guztietara eroan nau, eta hori eskertzekoa da». Pozik dago aurtengo denboraldian egindako lanagaz zein lortutako emaitzekin. «Puntukako sailkapena da; lehen lasterketan erori, eta hamabosgarren geratu nintzenez, puntuak galdu nituen».
Busturiko lasterketaz gain, besteren artean, Barrundiako, Balmasedako eta Bergarako probetan ere nagusitu da aurten.
Konfiantza hartzen
Neba ere ez dago kexatzeko moduan: «Emaitza oso onak izan dira, eta oso pozik nago; ez dut zertaz kexatu». Behetik gora joanda, lasterketaz lasterketa «konfiantza hartu» duela zehaztu du: «Hasierako lasterketetan ez nuen ezer irabazi; bigarren edo hirugarren sailkatzen nintzen, eta horrek gehiago entrenatzera bultzatzen zaitu». Gaztetxoak Torneoan azken lasterketara arte lehenengo postuari eutsi zion, baina azken proban, helmugara heltzeko bost kilome- troren faltan erori, eta sailkapeneko hirugarren postuan amaitu zuen. Denboraldiko lehenengo garaipena Getxon eskuratu zuen. «Hor hasi nintzen hobeto ibiltzen». Ostean, Abadiñoko lasterketa irabazteak konfiantza eman zion, eta ondoren, beste hainbat irabazi ditu. Kontua ere galdu du; «hamazortzi bat» garaipen direla dio.
Esate baterako, lortutako azken garaipenen artean daude iraileko Lekeitioko XVI. Oier Elorriaga Memoriala, eta Berriatuko 35. Aitxe Kutz Txirrindulari Saria XVI. Juan Luis Kanterape Memoriala.
Amaia laster hasiko da ziklokrosagaz. Modalitate horretan hirugarren urtea izango du: «Ziklokrosean orain arte ez ditut emaitza onak lortu, baina gustuko dut». Denboraldi-aurre modura hartzen du. Azaldu duenez, urriaren amaieratik urtarrilera arte izan ohi da ziklokros denboraldia. Eta martxoan hasiko da berriro errepideko lasterketak lehiatzen. Errepideko lasterketak ziklokrosekoak baino gustukoago dituela azaldu du; «ziklokrosean, halere, ondo pasatzen dut, distantzia laburragoak dira eta denbora gutxiago da».
Landerrek, aldiz, datorren urtera arte bizikleta albo batera utzi beharra izan du; duela bi urte futbolean min hartu, eta ebakuntza egin berri diote. Ondorioz, gutxienez bost hilabetean ezin du errepideko bizikleta hartu. Bitartean, arrebaren lasterketak ikusten gozatuko duela eta lagunekin egoteko asti gehiago izango duela zehaztu du.
Etorkizunaz galdetuta, bizikletan jarraitu nahi dutela argi daukate. Goiko mailara heltzea eta onenekin lehiatzea da Amaiaren ametsa. «Saiatuko naiz», dio, irribarrez. «Denon ametsa da profesionaletan aritzea, baina hori oso zaila da», gaineratu du Landerrek.
Batxillergoko lehenengo urtean daude, eta gaur gaurkoz, ikasketak dira haien lehentasuna. Txirrindularitza eta ikasketak uztartzeko ingurukoengandik duten laguntza eta babesa nabarmendu dituzte. «Taldeen, familiaren eta lagunen laguntza oso garrantzitsuak dira, eta asko eskertzen da». Beste alde batetik, talde berriak osatzeko babesle gehiagoren falta aipatu ditu nebak. Dioenez, «futbolagaz alderatuta, adibidez, txirrindularitzak ia ez dauka inolako laguntzarik».