Horrela laburbildu du Iparra Galdu Baik plataformak
Ibon Iparragirre preso gaixo larri ondarrutarraren egoera: “Ibon amildegiaren ertzean dago”.
Bere anaia Gotzon Iparragirrek zehaztutakoaren arabera, Ibonen bizi itxaropena hasiera batean urte bete eta bost urteren artean kokatzen baldin bazuten ere, “forentsearen
azken txostenean ez dira ausartzen aurreikuspen hori egiten”. Ibon Iparragirrek ihesa dauka C3 estadioan, hau da, gaixotasunaren faserik aurreratuenean eta Ibonek berak senideei helarazitako txosten medikuaren arabera orain 20 defentsa baino ez ditu. Egoera horretan, zehatz mintzatu da anaia: “Zer esan nahi du horrek? Ibon edozein momentutan…
Ibonen bizitza edozein momentutan bukatu daitekeela”. Azpimarratu du une honetan
egoera oso kezkagarria dela, eta benetan pentsatzen dutela erakundeek pilota elkarri pasatzen jarraitzen badute edozein momentutan gerta daitekeela albisterik latzena, eta orduan berandu izango dela;
“orduan alperrik izango dira kondenak, malkoak eta kontu guztiak”. Iparra Galdu Baik plataformak argi laga nahi izan du egoera honek badituela arduradun jakin batzuk, eta beraiek direla gertatzen ari denaren eta gertatu daitekeenaren erantzule: Jose Luis Castro epailea, Alcala Meco espetxeko mediku-zuzendariordea eta presondegiko zuzendaria, besteak beste . 2014an bidali zuten berriz ere Iparragirre espetxera, etxean betzetzen ari zen zigorra betetzeari utzita, epailearen aginduz.
Jasotzen duten informazio urria ere nola ailegatzen zaien argi laga nahi izan ute senideek: “Ibonek arropa zikinaren poltsan sartu zituen analisien emaitzak. Horri esker jakin ditugu. Ofizialki guri
inork ez digu ezer esaten“. Iparra Galdu Baik plataformako kideek azpimarratu ditu Ibonek bizitzeko gogo handia daukala, eta bizitzeko hamaika arrazoi dituela.
Gaur goizean Bilbon emandako prentsaurrekoa. Argazkia: SARE
Berandu izan baino lehen, orain dela egin beharreko ahaleginak egiteko momentua. Argi laga nahi izan dute senideek hori: “orain da momentua Ibon lehenbailehen etxera ekartzeko, eta horren ondoren
larriki gaixo dauden euskal preso guztiak ere etxeratzeko”.
Iparragirrek duen egoera larria ikusita
espetxea uzteko eskubidea dauka berez preso ondarrutarrak, baina plataformako kideen esanetan argi dago beste behin ere
ez direla euskal presoen eskubideak bermatzen: “espetxeetan giza eskubideak bermatzen direla fiskalizatu behar duen epailea Espetxe Zuzendaritzako arduradun politikoek botatzen dituzten aginduen menpe dago”. Iparragirreren anaia Gotzonek nabarmendu du argi geratzen ari dela arduradun politikoek duten esku hartzea bere anaiaren gaian. Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako Audientzia Nazionaleko epaileak iragan asteko eguaztenean jaso zuen Iparragirreren osasun egoera
larria eta ezohikoa dela dioen azken txostena.
Domekan, urriak 22, manifestazioa egingo dute Ondarroan ‘Ibon etxea! Bixik!’ lelopean. 13:00ean abiatuko dira Alamedatik, eta bertara batzeko deia egin diete herritarrei.
Plataformako kideekin eta senideekin batera
Sareko ordezkariak ere egon dira Bilbon. Inaxio Oiartzabalen esanetan “ezin da onartu gorrotoak eta mendeku goseak Ibon Iparragirre espetxean mantentzea”. Bere osasun egoera hain larria izanda eta preso gaixo larriek euren zigorra etxean betzetzeko duten eskubidea edukita, presoaren ama
Angelita Burgoari Alcala Meco presondegiko medikuak esan dio bere semeak kartzelan jarraitzearen
arrazoi bakarra Ibon Iparragirre izatea dela. Sareren ustez legea argia da: “Ibonek tratamendu duina jasotzeko eskubidea du. Etxean egon behar du”.
Sarek gaineratu du
“ideologia eta sinesmenez gain” giza eskubideen defentsak herritarrak batu behar dituela, eta Ibon Iparragirreren kasua dela horren adibiderik garbiena. Preso ondarrutarra espetxetik ateratzeko eskaera irmoa egin dute: “Ibon kartzelatik atera behar dute lehenbailehen, duintasunagatik, gizatasunagatik eta justiziarengatik.
Ibonek etxean egon behar du“.
Mobilizazioak. Gotzon Iparragirrek bere anaiaren gaia eta preso gaixo larriena, oro har,
gizarteratzearen beharraz mintzatu da. Horren harira, hainbat mobilizazio deitu dituzte.
Gaur [urriak 18] esaterako, Kalera Kalera dinamikak deituta 19:00etan Hego Euskal Herriko eskualdeetako epaitegien aurrean batuko dira Iparragirreren egoera salatzeko –beheko argazkian Gernika-Lumon egindako elkarretaratzea–.
Domekan, ostera, [urriak 22] manifestazioa egingo dute
Ondarroan, Ibon etxea! Bixik! lelopean. 13:00ean abiatuko dira Alamedatik, eta bertara batzeko deia egin diete herritarrei.
Gernika-Lumon egindako elkarretaratzea.
Azaroaren 11an larriki gaixo dauden presoen etxeratzea eskatzeko giza katea egingo dute Basauriko kartzelatik abiatuta. Azkenik, hainbat euskal presok gaur baraualdia egngo dute Iparragirreren egoera salatzeko, esaterako,
Sevilla II espetxean daudenek.
Bestalde,
Jon Iñarritu EH Bilduko senatariak Espainiako Herritarren Defendatzaileari bere ardurak eskatzen duen legez Ibon Iparragirreren eskubideak bermatzen ez direla eta gai honetan esku hartzeko eskaria egin zion atzo.
HONEKIN LOTUTA: