Udalean ordezkaritza duten bi alderdien aldeko bozkekin aho batez onartu zuten atzo [urriak 26] mozioa. Ibon Iparragirre preso politikoaren egoera larria dela eta hainbat eskaera egin dizkiote
Ondarroako EH Bilduk eta EAJk gai horretan eskumena duten agintariei, Espainiako gobernuari eta espetxe erakundeei.
Udalak adierazi du kezkatuta dagoela “Iparragirreren
egoera oso larriagaz, kartzelan jarraitzeak dagoeneko
heriotz arriskuan jartzen duelako bere bizitza”. Botere publikoei eta erakundeei “osotasuna eta bizitza” bermatzea eskatu diete, “giza eskubideen izenean eta inongo interes politiko barik”.
Udal ordezkariak pankartagaz urriaren 22ko manifestazioan.
Mozioan onartutako puntuetan Iparragirre lehenbailehen askatzea eskatu dute. Nabarmendu dute “ez dela neurri berezi bat eskatzea, legearen aplikazioa eskatzea baizik”.
Kode penalaren 80.4 eta 91.3 artikuluek diotena betetzea eskatzen dute. Bestalde, preso gaixo larrien herrietako alkateekin batera egin litezkeen iniziatiba bateratuak aztertzeko eta bideratzeko konpromisoa hartu dute, eta baita
Lea-Artibaiko udalei Iparragirreren egoerari buruzko informazioa ematea eta atzo onartutako mozioarekin bat egitea ere.
Espainiako gobernuari, Espetxe Zaintzako epaileari eta kartzelako zuzendariari ere neurriak hartzeko eskatuko diote, “Iparragirre espetxetik atera ahal izateko gizatasun arrazoiengatik eta duintasun pertsonalarengatik”.
Azkenik, udalak laguntza eta babesa eskaini die berriz ere Iparragirreren senide eta lagunei, eta urriaren 29an,
domekan, 13:00ean Alamedan egingo den Iparra Galdu Baik plataformak deitutako elkarretaratzera batzeko deia egin du.