Herriko pilotariei esker ona, frontoi berriztatuan
Herriarentzat kirol, kultur zein bestelako ekintzak burutzeko esparru bat berreskuratu dutela ospatzeko asteburua izan dute Ziortza-Bolibarren. Puntistak omendu, eta bertso pilota jaialdi mistoa egin dituzte jai giroan.Makina bat pilotari ezagun irten ...
Herriarentzat kirol, kultur zein bestelako ekintzak burutzeko esparru bat berreskuratu dutela ospatzeko asteburua izan dute Ziortza-Bolibarren. Puntistak omendu, eta bertso pilota jaialdi mistoa egin dituzte jai giroan.
Makina bat pilotari ezagun irten dira Ziortza-Bolibartik, eta Ameriketan herriko enbaxadore izan dira belaunaldiz belaunaldi. Txikito Bolibar da denetan ezagunena, baina puntista asko dituzte herrian. Hain zuzen, 28 pilotari omendu zituzten zapatu arratsaldean eraberritu duten frontoian.Udal gobernuaren politika udalerrian bizilagunentzat esparruak sortu edota berreskuratzea izan da, eta aurretik Beko Zubiko Parkea eta Kulturgunea egin moduan, orain kirol, kultur zein bestelako ekintzetarako egokitu dute frontoia. Izan ere, soinu arazoak ematen zituen, eta burutu dituzten lanekin soinuaren «kalitatea asko hobetu» dutela nabarmendu du Alberto Garro Ziortza-Bolibarko alkateak. «Ozentasun egokia bilatu dugu, ez bakarrik kirol ekitaldietarako, bai eta kultur ekintzetarako ere. Emaitzagaz oso pozik gaude».
Zapatuan zein domekan frontoia jendez bete zela-eta pozik daude udal ordezkariak.
Txikitoren murala
Soinua hobetzeko lanekin batera, Txikito Bolibarren murala, eta herriko 28 pilotarien argazkiak jarri dituzte hormetan. Argazkien ondoan, bakoitzaren ibilbide profesionala laburbildu dute. Zapatuko ekitaldian parte hartu zuten horietako askok, eta beste batzuk ikus-entzunezko bidez egin zituzten adierazpenak. Halaber, puntista profesional izandakoen irudiekin egindako muntaia ere ikusi zuten frontoian batutakoek.
Garrok «herriaren izena mundu osoan zehar zabaltzeagatik» eskerrak eman zizkien guztiei.
Omentutakoek zein bere izenagaz kamiseta gorri bana jaso zuten, eta bertan ez ziren pilotarien senideek hartu zituzten falta zirenenak. Hala, Osa zestalariak zenbait bertso kantatuz girotu zuen ekitaldia. Amaitzeko, zenbait pilota jaurti zituzten bertaratu ziren zestalariek, eta Txikitok egin zuen ohorezko sakea.
Bestalde, domeka eguerdian Mikel Olazabal eta Patri Espinar eta Ibon Taberna eta Maite Ruiz de Larramendi bikoteek eta Oihane Perea eta Iratxe Ibarra bertsolariek egin zuten bertso pilota jaialdi mistoa.