Ander Lipus aktore markina-xemeindarra On Pio izango da Martin Zalakain ikuskizun berrian
Zalakain abenturazalea eleberrian oinarritutako dantza eta musika ikuskizuna estreinatuko dute gaur [azaroak 11] Bilboko Arriaga antzokian. Juan Antonio Urbeltzen koreografia, Ander Lipusen antzerkia eta Harkaitz Canoren hitzak biltzen ditu ikuskizunak.
Juan Antonio Urbeltzek zuzendutako Argia konpainiaren ikuskizun berriak literatura, antzerkia eta estilo aurreklasikoko dantza-moldea korapilatzen ditu. Taula gainean, Ander Lipus antzezleak, kontakizunaren kontalariak, Pio Baroja ordezkatzen du.
Aktorearekin batera 80 dantzari egongo dira agertokian. Urbeltzek gidatzen duen Argia dantza konpainiaz gain, beste bost talde ere arituko dira: Eibarko Kezka, Elgoibarko Haritz, Iruñeko Duguna, Miarritzeko Maritzuli eta Portugaleteko Elai-Alai.