Bere ekimen ibiltariaren baitan atzo [azaroak 21] egon ziren Ondarroan, eta
hainbat salaketa egin zuen sindikatuak.
Prekarietatean bizi behar izatearen erantzuleak zuzenean izendatu zituzten: “Kutxabank, CEDE, ADEGI, Confebask, CEN, PP, PSOE, EAJ eta BBV dira langilegoari eskaintzen zaion bizi eta lan baldintza onartezinen errudun”. Horiez gain, “Madrilgo gobernua eta Eusko Jaurlaritza” ere errudun zuzentzat jo zituzten.
Langile eta herritarrek
bizi duina izateko daukaten eskubidea aldarrikatu zuten: “Bizitzaren prekarizazioari aurre egin eta bizitzaren sostengarritasuna gizartearen erdigunean jarri beharra dugu enpresari eta kapitalaren onura ekonomikoen ordez”.
Euskal Herriko langilegoaren
eskubideen hainbat urraketa ere badaudela salatu zuten; emakume izatearren zapalduak daudenak, etxeko langileak, autonomo faltsuak, sexu edo genero diskriminazioa jasaten dutenak…
Itsasaurre plazan egin zuen geldialdia LAB sindikatuaren ibilbideak.
Zapaldutako beste talde bat
arrantzaleak zirela aipatu zuten,
baxurako arrantzaleak bereziki. Asko eta asko “nominarik gabe, segurtasun baldintzarik gabe, hitzarmenik gabe, lanaldi arauturik gabe eta oporrik gabe” daudela azpimarratu zuten, besteak beste.
Alturako arrantzaleek ere atsedenerako tarterik ez daukatela, lanordu amaiezinak jasaten dituztela eta itsaso txarragaz ere arrantzara ateratzen direla gaineratu zuten. Horiez gain, portura lan bila joaten diren etorkinek jasaten duten egoera ere salatu zuten. “
Jauntxoak ez daude bakarrik Andaluzian, hemen, Ondarroako portuko eraikinetan ere badaude!”.
Azkenik, LAB sindikatuak Ondarroako portuan eman daitekeen
txalupen deslokalizazioa geratzeko eskaria ere luzatu zion Eusko Jaurlaritzari, OPPAO elkarteari eta Armadoreen Elkarteari. Euren esanetan enpresa bereko bi ontzi herritik ateratzeak 30 lanpostu galtzea ekar lezake, eta horregatik
“arrantzaren defentsa” esaten dutenean hitz hutsala izatetik errealitatera igarotzeko deia egin die aipatu erakundeei. Euskal Herriko arrantza
etorkizuneko oinarrietako bat izan dadin txalupa gehiago ez saltzea aldarrikatu zuten Ondarroan.
Herritarrak sindikatuak arrantzari buruz jarritako informazioa irakurtzen.