Eskualdeko gastronomia, kultura eta ondarea ezagutara emateko ate irekien jardunaldiak egingo dituzte datozen egunotan
Bigarrenez egingo dituzte ate irekien jardunaldiak. Lea-Artibai bisitatu gura dutenentzat ekintzaz beteriko lau eguneko egonaldia proposatzen dute. Hala, ekintza programa honen bidez Arabako Errioxa eta Lea-Artibai lotu dituzte. Izan ere, aspaldikoa da bien arteko harremana, eta horren adibide da GR-38 Ardoa eta Arrainaren ibilbidea. Oionetik Lekeitio edo Ondarroaraino doan mandazainen bide zaharrak lotzen ditu. Historian zehar, gurdizainek arrain freskoa edo gazitua, gariaren, gatzaren, ozpinaren edo ardoaren ordez trukatzeko erabiltzen zuten.
Eskualde bien arteko loturak idartzea da asmoa. Gaur egun, iraganean sortutako lotura afektibo horiek sendotzeko aukera baliatzea, alegia. Zehaztu dutenez, “bien lanaren errekonozimenduaren emaitza” da, bai eta horretan “sakontzeko nahia” ere. Ondorioz, GR-38-a erreferentzia moduan hartuta, eskualdeko “turismoa artikulatzeko” balio izango duela deritzote.
Hain zuzen, eskualde bietako promozioa sustatzea da helburu nagusietako bat, natur eta gastronomia produktuak bat eginez. Baita ibilbideari sendotasun edo indartze bat ematea ere. Hau da, bisitariak eskualdean momentuan dauden eskaintzek erakarri beharrean, beste aukera bat izatea: “GR-38, ardoa eta arrainaren ibilbidearen aukera mugagabeak ikustea eta bisitaraztea da asmoa, norberaren ezagutza handitzeko eta lotura duten aktibitate eta baliabideen berri jakiteko. Honek eskualdean orain arte egon den eskaintza gastronomikoaren indartze edo sendotze bat ekarriko luke. Horrez gain, eskualdeko eskaintza turistikoari ere presentzia handiagoa eman nahi zaio”.
Gainera, garapen agentziak urte guztiko eskaintza bat sortu nahi du, urte guztian zehar bisitariak erakarri asmoz. Horrela sektoreak duen “estazionalitatea” gutxitu nahi dute (urteko data zehatzetan batzen direlako turista gehien). Horretarako ibilbidearekin harremana izan dezaketen ekintza desberdinak aztertzen ari dira, eta enpresa desberdinen lehiakortasuna lantzeko edo hobetzeko balio izango duela uste dute, GR-38ari ibilbidearekin lotura estu bat edukirik.
Horrekin batera, GR-38 ibilbidea balioan jarri eta dinamizatu egin nahi dute, eskualdera hurbiltzen diren bisitari kopurua handitzeko. Era berean, sentsibilizazioa lantzeko erabilgarria izango dela deritzote, bisitariek zein herritarrek eskualdeko ondarea eta natur baliabideak ezagutzeko aukera edukiko dutelako.
LEA-ARTIBAIKO II. ATE IREKIEN JARDUNALDIAK:
- BIHAR (Abenduak 6)
- ETZI (Abenduak 7)
- BARIKUA (Abenduak 8)
- ZAPATUA (Abenduak 9)