Urberuagako bainuetxea, 25 urtez utzita

1870. urtean inauguratu zuten Markina-Xemeingo Urberuagako bainuetxea. Luxuzko bainuetxeak garai hartako punta-puntako azpiegiturak zituen. 1993az geroztik, guztiz hondatuta dago.

Gaur egun errepide bazterrean sasiz beteta dagoen gu- ne heze bezala agertzen bada ere, urteak atzera eginda argiz eta luxuz betetako eraikina zen Markina-Xemeingo Urberuagako bainuetxea. Luxuzko gune zen garai horiek, baina, atzean, oso atzean geratu dira. Izan ere, aurten 25 urte beteko dira erainkina utzi zutenetik.

Urberuaga auzoko ur termalak 1802. urtean aurkitu bazituzten ere, 1869. urtera arte ez ziren Urberugako bainuetxea eraikitzen hasi. Lehenengo eraikina 1870. urtean inauguratu zuten; inaugurazio ekitaldira jende asko joan zela diote argitalpen ezberdinek.

Bi urte beranduago, 1872an, beste eraikin bat gehitu zuten, eta 1879an ere handitu egin zuten. Guztira, beraz, hiru eraikinek osatzen zuten bainuetxea.

Eraiki zuten azken eraikinak hiru solairu zituen, eta luxuzko altzariekin apaindutako logelak egin zituzten bertan. Solairu nagusian bi jangela zeuden; 90 eta 130 pertsonei jaten emateko lekua zuten jangelek.

Guztira, Urberuagako bainuetxeak 190 logela zituen, eta hiru eraikinak kristalezko galeria bategaz zeuden lotuta. Bainuetxera sartzeko, ordea, Ubilla ibaia zeharkatzen zuten bi zubi zeuden.

Bainuetxea hain zen luxuzkoa ze, behiak, ahuntzak eta astoak ere bazituela. Hala, bainuetxeko bezeroek nahi zuten animaliaren esnea eskatu ahal zuten.

Ofizialki, denboraldia ekainaren 15ean hasi eta irailaren 30ean amaitzen zen.

Bainuetxeak mineralak zituzten eta sendagarriak ziren ur gardeneko hiru iturburu zituen; 27 graduko tenperatura edukitzen zuen urak.

Askotariko azpiegiturak

Horrez gain, ondoko instalazioak ere bazituen: Santa Ageda izeneko iturria, bainua hartzeko gelak, ur turrustak zituzten lau gune, lurrunezko bainua hartzeko bi gela, arnasteko bi eta lainoztatze sistema bidezko gela bat eta arnasteko eremu bat.

Instalazio horiek guztiak egokiak zirela eta gaixoei ondo egiten zietela ziurtatzeko, 210 irakaslek bisitatu zituzten; uraren kalitatea ere aztertu egin zuten.

Artxiboetan jasota dagoenez, zaila zen Urberuagako bainuetxean aspertzea. «Ur instalazioetan egon nahi ez zutenek pasiatzeko guneak ere bazituzten». Hori gutxi balitz, gurdia alokatu edota Ubilla ibaian nabigatzeko aukera ere bazegoen; kasino bat ere bazegoen beheko solairuan.

Bezeroei dagokienez, gehienak atzerritarrak ziren; 15.000 atzerritar egotera ailegatu zirela dio Balneario de Urberuaga de Ubilla dokumentuak. «Batik bat gradu altua zuten militarrak joaten ziren Urberuagara».

1983ko uholdeek, ostera, sekulako triskantza eragin zuten bainuetxearen azpiegituretan, eta ondorioz, bainuetxea itxi egin zuten. Baina 1993ra arte ura botilaratzeko lantoki legez jarraitu zuen funtzionatzen.

Urte batzuk geroago, enpresak porrot egin zuen, eta eremua banku baten esku geratu zen 2001. urtera arte.

2003an, Espainiako egunkari batek argitaratu zuen eraikuntza enpresa batek hiru urtean 5 milioi euro inbertitu eta negozio berri bat sortu nahi zuela bertan. Argitalpen horren arabera, 40 logelako hotel bat egin nahi zuten. Usteak uste, asmo hori ez zen egikaritu.

2009an beste egunkari batek jaso zuen Markina-Xemeingo Udalak bainuetxea izandakoari aterabide bat bilatu nahi ziola. Hala, bideragarritasun azterketa bat abiarazi eta Bizkaiko Foru Aldundiaren 10.000 euroko diru laguntzagaz bainuetxea berreskuratzeko asmoa mahairatu zen.

Helburuak helburu, 2012an Euskal Telebistak erreportaje bat egin zuen. Horretan, bainuetxea izan zena egoera txarrean zegoela eta egunean milioi bat litro ur ibaira isuri eta alferrik galtzen zirela salatu zuten.

Ordutik hona, egoerak bere horretan jarraitzen du. Ura alferrik galtzen da, gunea eremu pribatua da, eta utzita dago.

Izandakoak izanda, garai batean luxuaren erdigune zen eremua gaur egun erabat hondatuta dago.
Ez dago iruzkinik

Send this to friend