HITZAk Iñaki Goioaga Ibon Iparragirreren
abokatuaren bitartez jakin ahal izan duenez, larriki gaixorik dagoen preso ondarrutarra aste honen amaierarako ekarriko dute Arrasateko Aita Menni zentrora. Leku aldatzeari buruzko jakinarazpena joan den astean jaso zuten abokatuek. “Ez ziguten leku aldaketaren data zehatzik esan, aste amaierarako ekarriko zutela bakarrik.
Gaur gauean [urtarrilak 17]
edo bihar [urtarrilak 18] Ibon Arrasaten egotea espero dugu”.
Vocento Taldeko komunikabideek argitaratu dutenez, Iparragirre Zaballako (Araba) espetxera eroango dute Arrasatera eroan aurretik. Abokatuak HITZAri esan dioenez,
Zaballara eroatea tramite tekniko huts bezala ulertzen du. “Kustodia aldaketa egin behar da nonbait, eta leku bat zehaztu behar izaten da. Hori baino ez dela izango uste dut”.
Angelita Burgoa Ibon Iparragirreren amak esan du azken unera arte ez dutela ezer sinesten. “Atzo bertan deitu zidan Arartekoaren laguntzaileak eta esan zidan barikuan [urtarrilak 19] ekarriko zutela Aita Mennira anbulantzian. Zaballan polizia aldaketa egin, eta Aita Mennira zuzenean eramango zutela esan zidan. Ez dugu informazioa zuzenean eman nahi izan, azken unera arte ez baitugu ezer sinesten”.
Angelita Burgoak baieztatu du gaur 17:00etan Alcala-Mecotik Madrilgo beste espetxe batera eraman dutela Iparragirre, han lo egin eta bihar Zaballara eramateko asmoagaz
Halaber, gaur eguerdian
semeagaz hitz egin duela gaineratu du. “Eguerdian Ibonek deitu dit, eta esan dit poltsa bat eman diotela eta atera egin behar zutela esan diotela. Urduri zegoen eta susmo txarra zeukan; azken ziaboga honek urduri utzi du. Izan ere, azken lau urtean (etxe kartzela kendu ziotenetik) susmo txar guztiak beti egia bihurtu izan dira”.
Angelita Burgoa: “Egiten dituzten maniobra guztiak tranpak dira. Etxera ekarri aurretik akabatu egin nahi dutela dirudi”
Burgoak baieztatu duenez,
gaur 17:00etan Alcala Mecotik Madrilgo beste espetxe batera eraman dutela han lo egin eta bihar Zaballara ekartzeko asmoagaz;
anbulantziaren ordez ohiko furgoi batean eraman dute. “Nire galdera da: Jakinda zein den bere egoera, eta jakinda 20 defentsa baino ez dituela, zelan eduki ahal dute koltxoi ziztrin batean?
Edozein momentutan hil daiteke, eta badirudi hori bera nahi dutela”.
Burgoak gaineratu du Gabonen aurretik esan zietela 104.4 artikulua (etxe kartzela) ezarriko ziotela presoari. “Baina fiskalak 104.4 artikulua ezartzeko onarpen hori errekurritu ahal zuela-eta, Aita Mennira eramateko baimena sinatzeko eskatu ziguten. Guk aukera hori onartu genuen. Baina ez zuten espero guk hori onartzea, eta argi dago ez dutela nahi bera Euskal Herrira ekartzea”. Egiten dituzten gauza guztiak tranpak direla uste dute senideek. “
Etxera ekarri aurretik akabatu egin nahi dutela dirudi”.
Iparra Galdu Baik plataformako kideek Iparragirre Arrasatera ekartzea Alcala Meco espetxean preso egotea baino hobea dela aitortu duten arren, esan dute ez dela hori euren xedea: «Ibon etxera ekarri arte lan egingo dugu».
Bide beretik, Iparra Galdu Baik plataformak beste behin ere
zuhurtziaz jokatzeko eskatu du. “Berriro ere diskrezioz jokatzeko deia egiten dugu, eta plataformarekin kontrastatu gabeko informaziorik ez zabaltzea eskertuko genuke, iturria edozein izanda ere”.