Bi urteko negoziaketen ondoren, gaur [otsailak 27] goizean sinatu dute
Barroko estiloko jauregia bisitariei zabaltzeko hitzarmena Arrietakuan bertan
Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak,
Enrike Areilza Txurruka Mutrikuko Kondeak eta jauregiaren jabea denak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroleko diputatu
Denis Itxasok. Sinatu duten hitzarmenak
bi urteko iraupena dauka, urtero berritzeko aukerarekin. Hitzarmenean zehazten denez hiru sinatzaileek hartuko dute euren gain jauregian egin beharrekoren bat.
Udala, esaterako, bisiten programazioaz, bisitetarako jauregiaren egokitzearekin, jauregian bertan eta atzeko lorategian egin beharreko konponketa txikiekin eta eguneroko mantentze eta garbitasun lanekin arduratuko da.
Aldundiak, ostera, jauregiak bisitak jasotzeko beharrezko aholkularitza eskainiko du eta berak dituen itsas ondarea sustatzeko oinarrietan ere agertaraziko du Arrietakua.
MJose Angel Lizardi alkatea, Enrike Areilza bere alabaren laguntzarekin eta Denis Itxaso hitzarmena sinatzen.
Bisitariek jauregiaz gozatzeko
egun jakin batzuk edukiko badituzte ere, Mutrikuko Kondearen nahia izan da lehen aldiz bisitariei ateak ireki baino lehen
mutrikuarrentzat bisitak antolatzea, bai ikastetxeei zuzenduta, bai taldeentzat eta baita ere herritarrentzat. Esan du badakiela jauregiak duen balore historiko eta artistikoa handia dela, eta horregatik dela garrantzitsua ateak irekitzea.
Mutrikuko Kondeak gehitu duenez, pozik dago etxean bisitari berriak hartzeko sinatutako hitzarmenarekin eta eskerrak eman dizkie bai udalari eta baita aldundiari ere. Mutrikuko alkateak ere
esker hitzak eduki ditu Areilzarentzat, “Mutrikun dagoen ondarea herritarrei zabaltzearren”. Aitortu du jauregia
“nahiko ezezaguna” dela herritarrentzat eta ateak irekitzea baliogarria izango dela itsas ibilbidea are gehiago eta hobeto ezagutzeko
Arrietakuan jazotakoei buruz ikasteko. Eraikina Kultura Intereseko Ondare bezala izendatuta dago 1964az geroztik, urte horretako urtarrilean Espainiako Kultura Ministerioak horrela erabakita. Mutrikuko monumentuen multzoaren zati ere bada 1995 urteaz geroztik. Besteak beste etxe horretan bizi izan zen Mutrikuko alkate, zientzia-gizon eta itsas armadako brigadier
Kosme Damian Txurruka (1761-1805).
Arrietakua jauregiko liburutegia.
Bisita gidatuak. Arrietakua jauregia zabalik egongo da urte guztian, baina modu desberdinetara.
Uztaileko lehen egunean zabaldu eta abuztuaren 31an itxiko dute udako aldia. Bitarte horretan astean bi aldiz zabalduko dute aurretiaz antolatutako bisitentzat. Egunean
hiru bisita egingo dira gehienez, 11:00etatik 14:00etara bitarte eta 16:30etik 19:30era bitarte. Urteko gainontzeko asteetan, bisita gidatuak antolatuko dituzte astean behin. 12 urtetik gorakoentzat jauregira
sartzea 10 eurokoa izango da, 5 euro 4 eta 12 urte bitarteko neska-mutilentzat eta doan, aldiz,
Mutrikuko ikastetxeentzat eta 4 urtetik beherakoentzat.
Jauregiaren atzeko lorategia konpondu egingo dute.
Sarreren salmenta Mutrikuko turismo bulegoan egingo da, edo bestela, Euskal Kostaldeko Geoparkea kudeatzeaz arduratzen den Geogarapen elkartearen bitartez, bai bere
webgunetik edota baita Geoparkea osatzen duten Zumaia eta Debako turismo bulegoen bidez. Sarrerengatik
jasotako dirua Arrietakua jauregiaren mantentze lanetara bideratuko da.
Alkateak esan duenez interes handia daukate
Mutrikuko turismoa sustatzeko eta garatzeko, eta horregatik eman dio balio handia
Antonio de Gaztañetak XVIII. mende hasieran eraikitzeko agindu zuen jauregia ere turismo eskaintza horretan sartu ahal izateari. Hitzarmenaren xedea Gipuzkoan bakarra den ondare mota hau ezaguzera ematea dela gaineratu du,
kontserbazioa bermatzeaz gain, hurrengo belaunaldiek ere Arrietakuaz gozatu dezaten.
1727an erre egin zen Arrietakua, eta Antonio de Gaztañetaren
emaztea arduratu zen berreraikitze lanak gidatzeaz, gaur ikusi daitekeenaren hasierako urratsak emanez.
Alkatea, Kondea eta Foru Diputatua, hitzarmea sinatu eta gero.