Emakumeok planto!
Iaz, 70 herrialde baino gehiagotan, milioika emakumek greba egin zuten martxoaren 8an, hamaika aurpegi duen emakumeen aurkako indarkeriaren eta desberdintasunaren aurrean. Aurten, Euskal Herriko Mugimendu Feministak bat egin nahi du Emakumeok planto! aldarriarekin, menpean hartzen eta zapaltzen gaituen sistema kapitalista, arrazista eta hetereopatriarkala salatzeko.
Ez da ohiko greba, lan munduaz harago doa, emakumeok bizitzaren arlo guztietan parte hartzen baitugu. Izan ere, emakumeok egunero ordaintzen, ikusten ezta aintzat hartzen ez diren hainbat lan egiten ditugu jendartearen probetxurako. Horregatik greba beste lan eta espazio batzuetara heldu behar da: lan arlora, zaintza lanetara, ikasketara zein kontsumora.
Sexuaren araberako lan banaketa hain indarrean dagoen jendarte honetan, feminizatutako lanbideak eta bizitzaren iraunkortasunarekin eta zaintzarekin lotutako lanak (hazkuntza, heziketa, mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta…) ezkutatu eta gutxiestu egiten dira. Gainera, emakumeen enpleguak ez dira modu berean baloratzen (gizonek baino 7.489 euro gutxiago kobratzen ditugu urtean). Hartara, feminizatutako lanbideen prekarietatea sustatzen da, eta ikustezin bilakatzen dira zaintza lanak, neurri handi batean emakumeek doan eginak, eta nagusiki etorkinek. Etxeko langileen %87 atzerritarrak dira, %46 etxe barneko langileak dira, eta herenak baino gehiagok ez daukate lan kontraturik. Emakumeon burujabetza ekonomikoa oztopatu egiten da. Izan ere, lanaldi partzialeko kontratuen %76,3 emakumeei dagokie, eta emakumeen %27,6k aldi baterako kontratua daukate.
Bestalde, egiturazkoa eta sistematikoa den desberdintasun testuinguru horretan, era askotako indarkeriak jasaten ditugu. Egunero daude hilketa matxistak, sexu erasoak, jazarpenak… Horrenbestez, emakumeek, lesbianek, transexualek, etorkinek gure aniztasun osoan PLANTO EGINGO DUGU! Eta martxoaren 8an greba feministara deitzen dugu ezetz esateko, nahikoa dela, hainbeste berriketa eta hain ekintza gutxirekin nazkatuta gaudela, azaleko diskurtso gehiagorik ez zaizkigula balio.
Merkatuen ordez pertsonen eta lurraren bizitza erdigunean jartzen duen ekonomia feminista eraikitzea proposatzen dugu. Horretarako ezinbestekoa da sexuaren araberako lan banaketa suntsitzeaz gain, enpleguaren eta zaintza lanen banaketa bidezkoa eta berdintasunezkoa izatea. Aldi berean, erakunde publikoek zerbitzuak pribatizatu eta murriztu beharrean, zaintza lanen kudeaketan duten ardura euren gain har dezatela eskatzen dugu.
–Alazne Artetxe. Lea-Artibaiko Emakume Sarearen izenean.