Goizeko Izarra ikastolak 50 urtean egindako lana aitortu du Mutrikuko Berdel Aipamenak
[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Ohi bezala, Jose Angel Lizardi alkateak saridunei buruzko hitz batzuk eskaini zituen saria eman aurretik. Eta nola ez, ikastolaren sorrera ekarri zuen gogora. Goizeko Izarrak herrian euskaraz ikasteko “bidea zabaldu” zuela nabarmendu zuen Lizardik, bertan lanean egon direnen eta ari direnen lana goraipatuz. “Diktaduraren aldetik nahiz eta debekuak egon, euskara berreskuratzen eta euskaraz hezteko proiektua hasi zuten. Gure dantzak, antzerkiak, kultura eta ohiturak jaso zituzten, eta gure seme-alabei transmititzen hasi”. Egungo ikastolaren izenean Antton de la Lama zuzendaria gerturatu zen saria jasotzera, eta berarekin batera talde anitzak jaso zuen aipamena: Rosarito Rementeria (andereño ohia), Jose Agustin Elezgarai eta Joseba Lete (hasierako guraso eta bultzatzaileak), Maite Astigarraga (lehen ikasleetako bat), Harkaitz Basterretxea (Saturran Guraso elkarteko kidea) eta Ekhi Lete (ikaslea eta Joseba Leteren biloba). Oroigarri preziatua zuzendariak jaso zuen alkatearen eskutik. Saria jaso ondoren, Joseba Lete izan zen esker oneko hitzak adierazten lehenengoa. “Hasierako une haietan nirekin batera parte hartu zuten, eta gure artean daudenen eta joan zirenen partetik, eskerrak eman nahi genizkioke udalari. Eskerrik asko herritarrei gure testigantza jaso, eta jarraipena emateagatik. Eta eskerrik asko euskal jendartean bizitzen jarraitzen duzuen guztiori. Zuek ematen diozue zentzua hasiera hartan eraikitzen hasi ginen Goizeko Izarrari”.[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Jarraian, ikastolako zuzendariak hartu zuen hitza. “Aipamen hau jasotzea zerbait berezia da. Eskertu nahiko nuke ikastolan egin duzuen lan guztiagatik. Gurasoak, bereziki, 50 urte hauetan eskutik alboan izan zaituztegulako; gaurko, biharko, eta etorkizuneko herritarrak sortzen”. Ohorezko laguntzaile. Berdel Aipamena, aldiz, ez zen izan atzo iluntzean banatu zen sari bakarra. Udalak, hain zuzen ere, Berdel Egunean urte askoan “isilpean eta musutruk” lanean jardundakoei aitortza egin nahi izan zien, Berdel Eguneko ohorezko laguntzaile izendatuz. Alkateak adierazi zuenez, “laguntzaile fin eta nekaezin” horiei guztiei esker ona azaldu nahi izan zien sariarekin, herritar guztien izenean. “23 urtean nekerik gabe Berdel Eguna aurrera eramaten lagundu duten” 20 bat herritarrek zilarrezko berdel ikurra jaso zuten alkatearen beraren eskutik. Ekitaldira bertaratu ziren herritarren txalo zaparrada artean jaso zuten zilarrezko oroigarri berezia etenik gabe boluntario bezala lanean jardun dutenek.