Maniobra ikusgarriak eta 1,5 metro inguruko olatuak izan zituzten zapatuan [martxoak 17] Mendexako Karraspio hondartzan jokatu zen Lekeitioko I. Bodyboard Txapelketan.
Karmel Zubiaurrek erakustaldia eskaini zuen, eta bera izan zen txapelketako maila bietako irabazlea, 16 urte azpikoak eta open.
I. Bodyboard txapelketako parte hartzaile bat Karraspioko uretan. Argazkia: Artzabal Surf Elkartea
Baldintza ezin hobeekin hasi zen txapelketa goizean. Karraspio hondartzako ezker olatu bikainak olatu luze eta tutudunak eskaini zitue, eta eguraldia ere alde izan zuten parte hartzaileek, eguzkia ikusteko aukera ere egon zen eta. Eguerdi aldera, berriz, marea gorantz zetorrela, haizeak ipar mendebaldera bideratu eta eguraldi aldaketa etorri zen. “Txapelketako finalerako itsasoaren kondizioak eskastu ziren, baina parte hartzaileen motibazioa gora zetorren”, azpimarratu dute txapelketa antolatu duten Artzabal Surf Elkarteko kideek. Eta beraz, maniobra ezberdinak eginez ase zituzten Karraspion bildutako bodyboard zaleak.
Hauxek izan ziren podiumak:
16 azpikoetan
- Karmel Zubiaur
- Mikel Ladron
- Alex Eizagirre
Open
- Karmel Zubiaur
- Andoni Jaio
- Iban Cano
Bi mailetako txapeldunek txapelak eta surf egiteko materiala izan zituzten sari, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek surferako materiala. Artzabal Surf Elkarteak
eskerrak eman dizkie parte hartzaile guztiei eta babesle izan diren Mendexako Udalari eta Dzingua Surf dendari.