Iragarrita zegoen eguraldi txarra dela eta, azken orduko aldaketak egin behar izan dituzte programazioan. Hala ere, 23. Berdel Egunak ez du galdu urteroko giro onik. Portuan ospatu ohi den berdel pintxo dastaketa lekuz aldatu da, eta aurten Beheko Plazako merkatuan egin da berdelaren jaia.
Egun osoko jaiko berritasunen artean, Eixu artisau elkarteak antolatutako artisau eta sortzaileen azoka egon da gaur [martxoak 24]. Eguzki apurrarekin estreinatu da azoka; hamalau erakus mahaiak prest egon dira 10:30erako ikusle eta erosleak hartzeko, baina goiz erdira hasi den euriak, postuak lasai ikusteko aukera zapuztu du tarteka. Dena dela, aterruneak aprobetxatu dituzte, euritik babestu nahian Txurruka Plazaren bueltan egon direnek, mahaietatik buelta bat emateko. Arropak, bitxiak, egurrezko artelanak, poltsak, otzarak eta panpintxoak egon dira aukeran, besteak beste. Lekeitioko Eskola Publikoak antolatuko duen Euskal Eskola Publikoaren jaiaren baitako Zapran Gagoz produktuen denda ere Mutrikun egon da, eta eskulanak egiteko txoko bat ere jarri dute Eixu elkartekoek txikienentzat.
Eguraldia dela eta, 12.00etarako aurreikusten zen Belaontzien Txapelketa ere bertan behera geratu da, ez ordea Mutrikuko abesbatzen kontzertua. Zabiel Plazan ezinezkoa zutela abestea eta, Santa Katalina Komenduan batu dira abeslariak eta eliz osoa bete duen publikoa. Anaiarte Abesbatzak, Kantuz Bizik eta Maddalen eta Maddalen Txikik hiruna kanta abestu dituzte lehenengo, eta beste bi, guztiek batera, amaitzeko.
Pintxo dastaketa. Bederatzi era ezberdinetara dastatau ahal izan da gaurkoan berdela. Zazpi pintxo mota ezberdin egon dira: Urgain jatetxeko Xabi Osak prestatutako berdela pikillo saltsan, San Juan jatetxeko Justo Pagolak prestatutako berdela xixa saltzan, Azkenetxe Ristoranteko Tonik prestatutako berdel pizzak, Pikua jatetxeak prestatutako berdela bexamela eta berdurekin, Mari Jose Arrieta eta Feli Soraluzek prestatutako berdel piperrada, Javier Mendigurenek prestatutako berdel txaka, Valentin Zumalabek prestatutako berdel puddinga. Horrez gain, Etxekalte, Ziñua eta Hogar del marinero elkarteetan prestatutako marmitakoak eta parrillatan prestatutako berdel erreak ere harrera ona izan dute.
1.600 kilo berdel erabili dituzte aurten pintxoak prestatzeko, 15.000 pintxo inguru. Antolatzaileek azaldu dutenez, 800 kilo egosi egin dituzte eta beste guztia freskoa izan da, marmitakorako edo berdel errea egiteko. “Pozik gaude dasdaketa aurrera atera ahal izan dugulako. Jende asko etorri da goizetik Mutrikura eta taberna eta jatetxeak ere beteta egon dira”.
Beheko Plazan prestatu dute berdela arranparrilan erreta –20 kaxa–, eta azpiko merkatuan egon dira pintxoak. Hala, gora eta behera ibili da jendea, guztia probatu nahirik.
23 urtetan lehenengoz, lekuz aldatu behar izan dute berdel pintxo dastaketa gunea, eta hasiera batean “apur bat galduta” ibili direla aitatu dute boluntarioek. Hala ere, ordurako prest eduki dute dena eta beti bezelako prestutasun eta begirunearekin, prestatu eta zerbitzatu dituzte pintxoak. Mokadutxoak berehala hasi dira desagertzen erretiluetatik.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.