'Ondarroan gaztelaniaz?'
ELA sindikatuak Ondarroako Udalari eskatu dio lanpostuen zerrenda zehazteko egiten ari den txostena, euskaratik gaztelaniara itzultzeko. Eta hori egin arte gainera, Udalak antolatutako bileretan sindikatuak ez omen du parterik hartuko.
Nola uler daiteke hori? Ondarroako Udala, UEMA Euskal Udalerrien Mankomunitatearen parte da, eta orain arte euskara hutsez funtzionatu izan du. Administrazioak euskaraz soilik lan egin dezakeela erakutsiz eta aurkakoa esaten dutenen aurrean, modu eredugarrian jokatuz. Gainera, ez da bakarrik herritarrenganako atentzioa euskaraz izatea. Udalaren barneko zirkuituak euskalduntzeko lan berezitua egiten ari dira UEMAko udalerriak, eta hori, euskararen normalizazioan dihardugun eragileontzat ezinbesteko urratsa da.
ELAk ere bere burua euskararen erabilera normalizatzeko ezinbesteko eragile gisa definitzen du urtarrilaren 31an bere web orrian argitaratutako idatzi batean. 2017ko maiatzean Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko protokoloa ere sinatu zuen; arrazoien artean aipatuz langileen hizkuntza eskubideak bermatzeari begira neurri zehatzak biltzen dituela, eta beraiek badaukatela arlo horretan egiteko ekarpenik.
Argi ikusten da, bai, mota horretako jarrerekin ekarpenak zein norabidetan egin nahi dituzten, langileen hizkuntza eskubideak bermatu beharrean urratuz, alegia. Bestela, zertara dator Ondarroako Udalari jarritako eskari edo baldintza? Ez al da ba bertako langile eta herritarren eskubidea euskaraz jardun nahi badute, inork oztoporik jarri gabe horrela aritzea?
Iazko abenduaren 3an, sindikatuak euskararen egunaren harira argitaratu zuen oharrean horrela diote “administrazioetan ez da baliabiderik jartzen langile zein hiritarrak euskaraz aritu ahal izateko” eta hara non, baliabideak jartzen diren diren lekuetan ELA bera den trabak jartzen lehena.
Zer pentsatua ematen dute euskararen kaltetan egiten diren interesen araberako jokaldi hauek. Hizkuntzaren normalizazioan eragile aktibo izan behar bagara, beharrezkoa da horrelako jarrerak bazter utzi eta lanean diharduenari bidea libre uztea, bai herritarren eskubideak eta baita langileonak ere, behingoz errespetatuak izan daitezen.
-Amaia Aurrekoetxea LABeko euskara arduraduna