Zapatu goizetik zabalik daude Autzaganeko Urdinbideko tunelak
Segurtasuna, komunikazioa eta bizi kalitatea hobetuko direla adierazi du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak. Errepide zaharra udarako egokitu gura duteZapatuan 07:00etan zabaldu zituzten Urdinbideko tunelak. Bezperan, Unai Rementeria Bizkaiko ah...
Segurtasuna, komunikazioa eta bizi kalitatea hobetuko direla adierazi du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak. Errepide zaharra udarako egokitu gura dute
Zapatuan 07:00etan zabaldu zituzten Urdinbideko tunelak. Bezperan, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak agerraldia egin zuen bertan, Autzaganeko tunelen irekiera data iragartzeko.Bizkaiko ahaldun nagusiak barikuan adierazi zuen obra horregaz segurtasuna, komunikazioa eta bizi kalitatea hobetzea lortuko dela. Autzaganen istripu asko egoten direla eta, hemendik aurrera horrela ez izatea espero dutela gaineratu zuen inaugurazio ekitaldian.
Autzaganetik egunero 16.000 ibilgailu pasatzen direla azaldu zuen, eta horietatik 1.300 kamioiak direla. «1.500 ibilgailu atera ditugu Amorebieta erdialdetik, eta hori ere oso garrantzitsua da, bizi kalitate zein ingurumen ikuspegitik ere hobekuntzak dakartzalako. Gainera, Bizkaiarentzat eta Euskadirentzat altxorra den Urdaibai Bizkaiarekiko komunikatzea ahalbidetuko du», adierazi zuen Rementeriak.
Teknikoki nahiz ingurumenaren aldetik «obra konplexua» izan dela gogora ekarriz, lanotan aritu diren enpresa eta langileei eskerrak eman zizkien. «5 urteko lana eta 70 milioi euroko inbertsioa suposatu du. Erronka bat izan da teknikaren zein ingurumenaren aldetik, hemendik akuifero bat igarotzen baita. Baina lortu dugu. Bizkaiari eman genion hitza bete dugu. Ongietorria izango da inbertsio eta esfortzu hori, horrela, zirkulazio istripuak saihesten badira eta bizkaitarren konexioa eta bizitza kalitatea hobetzea lortzen ba- da». Rementeriaren berbetan, belaunaldi berriei «Bizkaia hobea uzteko» ekimenak egitea da aldundiaren helburua, eta horren adibide jarri zuen Autzaganeko obra.
Rementeriaz gain, Imanol Padrales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatua, Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkatea eta Andoni Agirrebeitia Amorebieta-Etxanoko alkatea egon ziren Autzaganen. Instituzioetako ordezkariekin batera, EHUko ingeniaritza ikasleek bisitatu zuten obra, eta lanen arduradunak azalpen teknikoak eman zizkien.
Guztira 3,4 kilometroko tartean egin da lana, AP-8 eta N-634 errepideak elkartzen dituen biribilgunetik Autzagane lur-azpitik igaro arte. Eremua iragazgaizteko aurre-injekzioak bezalako irtenbide tekniko berritzaileak erabili dituzte, ingurumeneko eta segurtasuneko premisa guztiak beteko zituen tunelaren hondaketak egin ahal izateko.
Bidegorria
Tunelak zabalduta, orain Gorozika-Ariatza tarteko Bideen Plan Bereziaren bigarren fasea gauzatzeko esleipenari ekiteko izapideak hasi ditu aldundiak.
Bestalde, errepide zaharra ibilgailuentzat gain, oinezkoentzat eta bizikletentzat egokituko dute. Horretarako, bidegorri bat egingo dute, eta aldundiaren asmoa udarako prest izatea da. 750.000 euro inguruko inbertsioa egitea aurreikusi dute. Bide berriak 1.600 metro inguruko luzera izango duela jakitera eman zuten, eta Autzaganeko bi aldetan dauden oinezkoentzako tarteei jarraipena emango die. Horrela, Zornotzan hasi eta Muxikaraino iritsiko den oinezko- entzako eta bizikletentzako ibilbidea osatuko dute.