Euskal Herriko zirkuituko 2. triatloi puntuagarria lehiatu zen zapatuan [maiatzak 19] Hondarribin. 424 neska-mutil aritu ziren Hondarribiko X. Sprint Triatloian, tartean Lea-Artibaiko kirolariak.
Lekeitioko Amandarri triatloi taldeak
3. postua eskuratu zuen gizonezkoetan maila handiko proba osatu ostean. Sailkapen orokorrean 6. sartu zen helmugan
Haritz Garate Txurruka eta 23 azpikoetan 4. geratu zen
Paul Goitia. Guztira Amandarriko zortzi triatletak parte hartu zuten Hondarribiko triatloian, eta beste bat aurretik ospatu zen proba herrikoian aritu zen.
Haritz Garate lekeitiarra Hondarribiko Triatloian aringa-aringa. Argazkia: Amandarri
Markina-Xemeingo Alarabi triatloi taldeko
Zorion Kareaga Laka markina-xemeindarrak ere triatloi on bat egin eta 12. helmugaratzea lortu zuen. Bere kategorian gainera, gizonezkoen beteranoen lehen mailan 2. egin zuen.
Lekeitioko Garraitz triatloi taldeko 8 triatletak (7 mutil eta 1 neska) parte-hartu zuten norgehiagokan. Gizonezkoen artean Karmel Zubiaur eta Unai Jaio kadeteak lehenengo aldiz aritu ziren. Kadete mutilen mailako lehena helmugan
Julen Zamora izan zen
, proba borobila egin ostean. 01.14.00 denbora egin zuen Zamorak, eta maila orokorrean 34.a geratu zen. Junior mutiletan antzera ibili zen
Aratz Aizpurua. Junior mailan
3.a izan zen 01.15.31 denbora polita eginda.
Iñaki Mendieta, berriz,
3.a izan zen beteranoen 3. mailan 01.30.31 denbora eginez. Emakumezkoen kadete mailan 6. izan zen
Paula Ugarteburu Etxebarria (01.50.56).
Julen Zamora Hondarribiko Triatloian. Argazkia: Garraitz KT
Ondarroako Koaxi taldeko
Eli Ibazeta Arriola berriz, emakumezkoen artean 14. gelditu zen 01.32.13 denbora eginda.