Aurten ere egitarau berezia antolatu du Lekeitioko
Galarrena Elkarteak udaberri eta udara begira. Horrela, hilabete honetan hasi eta uztailaren 21era bitartean ekimenak kateatzen joango dira asterik aste. Herriko beste ekimenak kontuan hartuta osatu dute programazioa, eta horietako batzuetan parte hartzeko deia ere egiten dute.
Egitarauko ardatz nagusietako bat pala txapelketa izango da.
X. Galarrena Pala Txapelketak aste honetan emango ditu lehen palakadak. Eskualde guztiko palistez osatutako 24 bikotek parte hartuko dute aurten, eta betiko modura Lekeition zein Mendexa, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto, Munitibar eta Ispasterko frontoietan jokatuko dutela jakitera eman dute antolatzaileek. “Guk egutegia osatzen dugu eta bikoteak euren kabuz aritzen dira, nahi dutenean edo ahal dutenean elkartu eta jokatzen dute”. Uztailaren 7ra orduko amaitu beharko dituzte partida guztiak, eta finalak uztailaren 21ean jokatuko dira.
Lander Ibarluzea Aitxulua bertsotan Galarrenako I. Kopla Txapelketan.
Beste txapelketa bat ere egongo da jokoan Galarrenan:
Txiki Memoriala Xake Txapelketa. Domeka honetan [maiatzak 27] hasiko da, eta Galarrenan eman beharko dute izena parte hartu nahi dutenek. 10-15 minutuko partiduak izango direla zehaztu dute.
Txapelketa horriekin batera, beste ekimen batzuk ere prestatu dituzte Galarrena Elkartekoek: kontzertuak, ipuin kontalaria, kopla txapelketa eta hitzaldia besteak beste. “Adin eta gustu ezberdinetako jendearentzako ekimenak eskaintzen saiatu gara”, aitortu dute. Eta egitarauari amaiera emateko, atun errea eta kontzertua egongo direla aurreratu dute.
EGITARAUA
- Maiatzak 25. Gernikaren Egiak dokumentalaren emanaldia eta solasaldia, 18:00etan kultur etxean.
- Maiatzak 27. III. Txiki Memoriala Xake Txapelketa Galarrenan.
- Ekainak 15. Dorleta Kortazar umeentzako ipuin kontalaria 18:00etan, Galarrenan.
- Ekainak 21. Arrakala taldearen kontzertua, 20:00etan, Galarrenan.
- Ekainak 29. Mexikortxo Band taldearen kontzertua, 22:00etan, Galarrenan.
- Uztailak 5. Haustura taldearen kontzertua, 20:00etan, Galarrenan.
- Uztailak 7. X. Galarrena Pala Txapelketa, Oktabosfest, 10:00etatik aurrera Santi Brouard kiroldegian.
- Uztailak 12. Kopla Txapelketa, Poto taldea 20:00etan Galarrenan.
- Uztailak 21. X. Galarrena Pala Txapelketaren finala. Sari banaketa, atun erre jaia eta Azkainer Petox taldearen kontzertua.