Mutrikuko kaleak, artelanez bete
Herrian dauden gune ilun eta zikinak alaitu asmoz, Mutrikuko Arte Eskolako kideek hirugarren horma irudia inauguratu dute. Oraingoan, lehengo lanbideak balioan jarri nahi izan dituzte.Gero eta gune ilun eta zikin gutxiago daude Mutrikun. Eta hein batea...
Herrian dauden gune ilun eta zikinak alaitu asmoz, Mutrikuko Arte Eskolako kideek hirugarren horma irudia inauguratu dute. Oraingoan, lehengo lanbideak balioan jarri nahi izan dituzte.
Gero eta gune ilun eta zikin gutxiago daude Mutrikun. Eta hein batean, errealitate horren arduradunak Mutrikuko Arte Eskolakoak dira. Izan ere, duela urte batzuk hasi ziren herriko hormetan artelanak egiten. Zapatuan inauguratu zuten azken horma irudia, Goiko Plazatik Miruaitz frontoira joateko dagoen tunelean.Oraingoan, herriko zesta egilea, abarketa egilea (Laxaro), amugileak eta arrain saltzaileak dira Arte Eskolakoek egindako horma irudietako protagonistak. «Arte Eskolako kideok hormetan zer margotu pentsatzen aritu ginen. Azkenean herrian gaur egun galduta dauden ofizioei nolabaiteko errekonozimendua egin eta horiek bistaratzeko horma irudiak egitea pentsatu genuen». Hala, lehengo ofizio horiek balioan jartzeko ekintza egin dute.
Zesta egilea, abarketa egilea eta amugileak margotu zituzten lehendabizi. Ondoren, horma bat zuriz geratzen zela eta, arrain saltzaileak margotzea bururatu zitzaien. «Garai batean Goiko Plazara ere joaten ziren arrain saltzaileak, eta horma horretan euren irudia egitea adostu genuen».
Urtebeteko lana izan dela esan dute. Eta tartean zailtasunak ere eduki dituzte. «Garai bateko arrain saltzaileen argazkirik ez geneukan. Beraz, moilara jaitsi eta Feli Kotxorro eta Fidelita herritarrei argazkiak atera genizkien. Gehien gustatzen zitzaigun argazkia aukeratu eta horman margotu dugu».
Erretratuak margotzea zaila dela eta eurek oraindik maila hori ez daukatela badiote ere, emaitza ikusgarria da, benetan polita. «Emaitza hain ona izatearen meritua gure irakasle Trekuri dagokio. Bera barik ezingo genuke horrelako artelanik egin, eta ezin gara bera aipatu barik geratu».
Zapatuan egindako inaugurazio ekitaldian parte hartu zuten, besteak beste, Arte Eskolako kideek eta baita ere Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak.
Oro har, egindakoarekin pozik daudela diote Arte Eskolakoek. Eta beste behin ere, udal ordezkariek ere herriko artistek borondatez egindako lana eskertu nahi izan diete.
Aurtengoa Arte Eskolakoek egin duten hirugarren horma irudia izan da: Lehendabizi balearen horma irudia egin zuten Atxukalen, eta Plaza Txikiko tunelean itsas azpiko irudiak margotu zituzten gero, mosaiko estiloan.
Errespetatzeko eskaera
Horma irudiak egin eta inauguratu izan dituzten bakoitzean, Arte Eskolako kideek eta udal ordezkariek herritarrei egindako lanak errespetatzeko eskatu izan diete. Izan ere, Balearen horma irudiaren gainean bestelako pintaketak ere agertu izan dira. Eta horiek ezabatu eta horma irudia berreskuratzeko, auzolanean egin izan dituzte lanak. «Pintaketa horiek ezabatzea ez da lan erraza izaten».
Hirugarrena eginda, laugarrena non egingo duten pentsatzen hasita daude herriko artistak. «Herrian lekuak egon badaude. Hori bai, orain, lehendabizi hurrengoa non egin eztabaidatuko dugu, eta gero pentsatuko dugu zer margotuko dugun».
Edonola ere, Arte Eskolakoei esker, Mutrikuko kaleak kolorez, historiaz eta ondarez janzten ari dira azken urteotan.