84 urteko gizonezko baten gorpua aurkitu dute Lekeitioko portuan
84 urteko gizonezko baten gorpua aurkitu dute gaur goizean [ekainak 13] Lekeitioko portuan. Segurtasun sailak jakitera eman duenez, 08:00etan jaso dute portutik herritar baten deia pertsona bat uretan zegoela esanez.
Motor txikiak egoten diren pantalanean agertu da gorpua, eta uretatik atera ondoren, Pilara aurreko pantalanera igo dute. Mediku batek hilda zegoela baieztatu ondoren, epailearen zain geratu dira, eta 10:00ak pasatuta eraman dute Bilboko Zientzia Forentseen Institutura autopsia egitera.
Segurtasun Sailak jakin duenez Lekeitioko bizilaguna da hildakoa. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du, gertatutakoa argitzeko, baina lehen informazioen arabera, baliteke gizona uretara erori izana. Hala ere, gertatutakoa autopsiak argituko duela azaldu du Segurtasun Sailak.