Belaustegik eta Arribalzagak irabazi dute Ondarroako Lasterbidean nazio lasterketa
[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Elkartasuna oinarri hartuta, 760 lagun batu ziren 7,2 kilometroko lasterketa luzean. Turrun hotsagaz eta presoak kalera oihuen artean hasi zen lasterketa Itsasaurren. Lasterketari hasiera eman aurretik, ostera, euskal preso eta iheslari politikoen senideei agurra egin zieten dantzariek. Eta jarraian, herriko presoen senideek moztu zuten lasterketari hasiera, katebegiak moztuz. Larriki gaixorik dagoen Ibon Iparragirre preso ondarrutarra ere gogoan izan zuten hasiera ekitaldian. Iparragirreren amari 1 zenbakidun dortsala eman zioten. “Ibon eta gaixo dauden gainontzeko presoen askatasuna exijitzeko keinua hain justu”. Bere hurrekoek jantzi zuten dortsala. 3,4 kilometroko lasterketa motzean, berriz, 250 bat lagunek parte hartu zuten, giro ezinhobean euskal preso eta iheslarien etxeratzearen alde. Lasterketa luzean egin zen modura, presoen senideek eman zioten lasterketari hasiera, txarrantxa moztuaz. Gaixorik dauden presoak gogoan. Kirol probak amaitu ostean, sari banaketa eta ekitaldi nagusia egin ziren Itsasaurren. Sarituek errepresaliatuek eskuz egindako oroigarri bereziak jaso zituzten opari. Sari banaketa hunkigarria izan zen, izan ere, Endika Lejarzegi preso ohiak eman zion saria irabazleari. “Aste honetan berreskuratu du askatasuna 16 urteren ondoren”.[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
Ekitaldi nagusian, aldiz, Ibon Iparragirre eta gaixo dauden gainontzeko presoak omen nahi izan zituen Lasterbideanek. “Erritmoa arindu behar dugu gaixo dauden presoak kalera ateratzeko eta etxera ekartzeko. Gaur Ibonen oroimenaz eta presentziaz margoztu dugu elkartasuna. Arrasaten preso dagoen Iboni, gure besarkadarik eztuena bidaltzen diogu. Ibon eta gaixo dauden presoak kalera eta etxera lehenbailehen”. Nabarmendu zutenez, esperantzaren kolore gorria nagusi izan zen Ondarroan. “Ondarroan erakutsi da hamaika pauso dituela elkartasunak; gaur adibidez korrika eginez elkartasun pausoak ematen ari gara. Jakitun gara preso zein urrun dauden eta euskal herritarren eskubideak behingoz errespetatzeko etxera ekartzeko lasterketaren erritmoa biziagotu beharra daukagula”. Nork bere esparrutik elkartasun pausoak emateko gonbitea ere egin zuten. Azkenik, sakabaneta eta urrunketaren ondorio latzenak jasan dituzten hamasei senide eta lagunak ere gogoan eduki zituzten. “Sakabanaketa erahildako hamasei senide eta lagun hoiei gure omenaldirik beroena”.