Ondarroako Udalak Ortizeneko eraikina eraisteko agindua eman du
[zuzenean SUTEAREN ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Zirkulazioa itxita. Segurtasunagatik, erretako eraikinaren aurrealdea itxita dago, eta hala, Artibai eta Ikastola kaleetara sarbidea Zubi Barritik egingo da datozen egunotan (gaur egun egiten den kontrako norantzan). Udaltzaingoak ohartazi duenez, momentuz gune horretara ibilgailu txikiak sartu ahal izango dira. “San Ignaziotik Ikastola parera sartzeko bihurgunea ez dago berez pentsatuta norabide horretan sartzeko. Bertan dagoen lorontzia kentzen ez den bitartean bertara sartzea nahikoa trabes gertatu daiteke”. Era berean, gune horretan ahalik eta ibilgailu gutxien sartzea ere gomendatu dute. Gaineratu dutenez, kalea zabaldu edo ez zabaldu udal teknikariek erabaki beharko dute. “Segurtasun modura kalearen zati bat itxita egon liteke. Horren berri ematen joango gara. Herritarrei pazientzia izatea eskatu nahi diegu”.[zuzenean SUTEAREN ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Atzoko sutearen kronika. Ertzaintzak jakitera eman zuenez, auzotar batek 21:20ak aldera abisatu zuen San Ignazio kaleko 25 eta 27an dagoen Ortiz kontserba enpresa zaharraren gaineko etxeko teilatutik kea ateratzen zela. Suhiltzaileak bertaratu ziren eta sua itzaltzen hasi ziren. Hasiera batean suteak ez zirudiela nahikoa larria esan zuen Ertzaintzak. Baina eraikina egurrezkoa denez, minutu gutxitan egoera aldatu egin zen. Hala, sua eraikin osoa hartzen ari zela ikusita, udaltzaingoan sutan zegoen eraikinaren inguruko etxeetako 40 familia inguru etxebizitzetatik atera zituen. Era berean, kalean zeuden ibilgailu guztiak kentzeko agindua ere eman zuten. Udalak Zaldupe kiroldegia prestatu zuen etxetik kanpora atera arazi zituzten herritarrek gaua bertan igaro zezaten. Azkenean baina, ez zen beharrezkoa izan, eta familia guztiak 01:00ak eta 01:30ak bitartean bueltatu ziren euren etxebizitzetara. Sutea etxebizitza eraikinaren hirugarren solairuan hasi zen, eta herritarrak azaldu dutenez, sutea hasi baino minutu batzuk arinago pertsona bat ikusi zuten eraikinetik irteten. Bestalde, udal iturriek azaldu dutenez, oraindik ezin da jakin zeintzuk izan diren sutearen arrazoiak. “Kalte materialei dagokionean fabrika zaharra erabat kiskalita geratu da, baina inguruko etxebizitzei dagokionean ezin da oraindik jakin zeintzuk diren beroak edo keak eragindako kalteak”.