Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, gertaera gaur [uztailak 5]
05:15ak aldera gertatu da, eta ez da zauriturik egon. Zehazki, harrizko zubiaren zati bat hondoratu da goizaldean. Mutrikuko eta Debako alkateek agertu dutenez, “oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik” erori da zubia. Beste iturri batzuek adierazi dutenaren arabera, azken orduotako euriteen ondorioz gertatu ahal izan da ezbeharra.
Mutrikuko Urazamendi auzoa eta Debako Maxpe auzoa batzen ditu zubiak, eta
erdiko zutabeak jasotako higadura dela eta, zutabea hondoratu eta gaineko zubi begiko kareharri grisez estalitako harlanduzko zatiak jausi dira zehazki goizaldean uretara. Zubiak hiru zutabe ditu, eta erdiko zubi begi bateko harriak erori dira oraingoz. Alboko zubi begian ere kalteak nabariak dira, arrakalak ikusten dira.
Zubiaren ikuspegi orokorra
Zubiaren parez pare bizi diren Ibaigan etxekoek goizaldean zaratarekin esnatu dira. “Zubiko harri zatiak uretara erortzen sumatu ditugu”, adierazi dute. Auzotarrek esan dutenez, gainera, zubia hondoratzen hasi den unean
bi arrantzale zeuden zubian. “Sekulako ezustekoa hartu dute. Batek kanabera ere galdu du”.
Auzotarrak kezkatuta. Deba ibaiaren gainean dagoen zubiaren zatia erori dela jakitean, bestalde, Mutriku eta Debako udal teknikariak eta alkateak bertaratu dira, egoera baloratzeko. Izan ere, zubiaren heren baten jabetza du Mutrikuko Udalak eta beste bi herenaren jabetza du Debako Udalak, 2007tik. “Bi udalak konponbide onenak bilatzeko lanean ari dira, arazoa lehenbailehen bideratuta dadin”. Zubiak, gainera, babes berezia du, Donejakue bidearen monumentu multzoa da.
Udal teknikariek azpiegituraren egoera aztertuko dute,
dagoenari eutsi ala berriz eraiki erabakitzeko. “Gaur ingeniariek neurketa batzuk egin dituzte, eta bihar bueltatu dira berriro, zubia mugitu den edo ez jakiteko”, agertu du Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak. Gaineratu duenez, lanek luze joko dutela aurreikusten dute.
Bi udalak, euren aldetik, harremanetan jarri dira Portu Zuzendaritzarekin, Itsasertz Zerbitzu Probintzialarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretarako Departamenduarekin. Iazko urte amaieran, berriz,
zubia txukuntzeko hainbat lan amaitu zituzten. Besteak beste, lurra berritu eta zubiaren kanpotik zihoazen zerbitzuen hodiak (ura, gasa, argiteria publikoa eta saneamendu urak) zubiaren lurzoru azpitik igarotzeko lanak egiten zituzten. “Teknikariak aztertzen ibili dira, eta ez du ematen hodi horiek kaltetuta daudenik. Oraingoz ez dute arazorik eman, baina ikusi egin beharko da. Zaintzen ari gara”, gaineratu du Mutrikuko alkateak.
Zubia erorita
Segurtasuna bermatzeko, aldiz,
zubiaren sarbide biak itxi dituzte. Zubiaren itxierak ez du zirkulazio arazorik eragin, berau oinezkoek erabiltzen dute bakarrik eta. 1866an irekitako zubia 2006an itxi zuten ibilgailuentzat, Sasiolako zubia ireki zutenean, hain zuzen.
Zubia ixtean, berriz, Mutrikuko Urazamendiko auzotarrak Debara duten “pasaleku natural” gabe geratu dira.
100 familia inguru bizi dira auzoan, eta kezkatuta agertu dira. Auzotarrak, izan ere, askok Deban egiten dute bizimodua eta edozertara joaten dira Debara; erosketak egitera, sendagilearengana, hondartzara, lanera… eta arazoari lehenbailehen konponbide bat ematea eskatu dute.
Zubia itxita dagoenez Debara joateko
“sekulako buelta” eman beharko dutela azaldu dute. Askok autorik ez dutela agertu dute, eta zubia itxita dagoen bitartean beste alternatiba batzuk izatea eskatu dute. “Mutriku eta Deba batzen dituen autobusa, esaterako, bertotik igarotzen da, baina ez da bertan gelditzen. Zubia itxita dagoen bitartean aukera hau kontuan hartzeko eskatu nahi diegu erakundeei”.
Mutrikuko udal iturriek euren aldetik,
autobusa Urazamendin gelditzea eskatu dute, eta eskaera hori gaur bertan onartu egin diete. Hala, zubia itxita dagoen bitartean autobusak bi norazkoetan geldituko dira, behin-behinean, orduro. Mutrikutik Debarako norantzan mendia eusteko hesi metalikoa ipini zuten tokian geldituko da autobusa, eta Debatik Mutrikurakoa, berriz, tunelaren alboan (Ibaigan inguruan).
Mutriku-Deba zubia