Ezustekoa hartu zuten Markina-Xemeingo Eskolarteko Gurasoen Federazioko kideek aurtengo Karmen jaietako pregoia botatzeko aukeratu zituztela esan zietenean. Ezustekoa eta poza, herritarrek modu horretan 2005. urtetik antolatzen hasitako jarduera eta ekintzen lana goraipatu nahi izan dietelako.
Federazioa herriko ikastetxeetako guraso elkarteak batuta jaio zen, eta 2010. urtean sortu zuten federazioa era ofizialean. Bekobenta, Berakruz, Etxebarriko Manuela Zubirreta ikastetxeetako guraso elkartekoek eta Markina-Xemeingo Guraso Elkarteko kideek osatzen dute taldea.
Eskolarteko Gurasoen Fedarazioko kideak, Zelaian, Eskola Kirolaren Egunean.
Ikastetxe bakoitzeko guraso elkarte bakoitza bere kabuz ari zen ordura arte kirol jarduerak antolatzen, sarritan berberak, eta ume eta gaztetxoei eskaintza zabalagoa eman asmoz, indarrak batu eta sortu zuten eskolarteko federazioa. «Denak elkarregaz, haurrentzako jarduerak era txukunago batean prestatu ahal zirela pentsatu zuten garai hartako guraso elkarteetako arduradunek», azaldu dute. «Ikastetxe ezberdinetako umeen artean ere ez zegoen harremanik, eta hori sustatzea ere izan zen helburua». Hala,
ume eta gaztetxoek elkar ezagutu, jolastu eta kirolean aritzea posible egiteko gogoz ekin zioten lanari. Ez dira udalerrira bakarrik mugatzen, eta inguruetako herrietako txikiak ere prestatzen dituzten ekintzen parte hartzera animatzen direla nabarmentzen dute: «Aulestiko, Munitibarko, Lekeitioko eta beste herri batzuetako umeak ere etortzen dira». Ez hori bakarrik, umeei ekintza eta jarduera sorta zabalago bat eskaini nahi izan zieten: ohiko kirolez gain, herrira beste era bateko kirol motak ekarri nahi zituzten, eta lortu zuten.
[jaietako EGITARAUA IKUSI]
Hamar ekintza eta jarduera. Amaitu berri den ikasturtean, esate baterako, hamar kirol-ekintza eskaini dituzte. «Umeek futbola praktikatzeaz gain, eskubaloian, karatean, gimnastika erritmikoan, txirrindularitzan, tenisean edota zesta-puntan aritzeko aukera eduki dute, mendi irteerak eta psikomotrizitate saioak egiteagaz batera».
326 ume eta gaztetxo. Federazioko kideek berdintasuna, hezkidetza, kulturartekotasuna, besteenganako errespetua, lankidetza eta elkarren arteko harremanak sustatzea dauzkate helburu nagusi bezala: neska-mutilak ikastetxe edo gelen arabera banatu beharrean, guztiak nahastu eta horiek elkar ezagutzea nahi dute. 326 umek hartu dute parte aurtengo jardueretan, eta urtetik urtera izena ematen duten umeen kopuruak «gora» egiten duela adierazi dute federaziokoek, lortutakoagaz pozik.
Orain arte egindako lanagaz jarraitzeko asmoa daukatela azpimarratu dute, «txikienei kirolaren bitartez ondo pasatu eta elkarren artean ezagutzeko aukerak zabaltzen».