Atsedenik barik, etengabeko jai giroan murgilduta dabiltza markina-xemeindarrak azken egunetan. Egun nagusia ospatu dute gaur [uztailak 16]. Euria presente egon da jaietan, eta gaur ere aldaketak eragin ditu. Eguraldiaren iragarpena dela eta, ekintza batzuk lekuz aldatu dira, Xemein Abesbatzak abestutako meza osteko Aurreskua frontoi txikian egin da eta Euskadi Brass bandaren kontzertua Kontzejupean. Arratsaldean, berriz, Ane eta piratekin parrandan ikuskizuna txosnen karpan jarraitu dute ume eta nagusiek, eta bertso saioa Uhagon kulturgune barruan izan da.
Lehen aldiz aurten, bola jokoan jarduteko aukera ere egon da jaietan. MX3T taldeak Uhagon ostean prestatutako bolatokiak adin guztietako herritar askoren interesa eragin du. Gaur, gainera, Bizkaiko Hiru Txirlo Bola txapelketako jardunaldietako bat jokatu da bertan. Guztira 63 bolarik parte hartu dute. Gizonezkoetan Iker Ibarluzea (Markina-Xemein), Sergio Rodriguez (Eibar), Bittor Rodriguez (Eibar), Boni Plaza (Markina-Xemein) eta Gotzon Uranga (Deba) izan dira lehen bost onenak; emakumeetan Yarisa Caballero (Azpeitia), Nerea Foruria (Ziortza-Bolibar) eta Nerea Jimenez (Markina-Xemein); eta gaztetxoetan Udai Zelaia (Markina-Xemein), Xabier Garitagoitia (Ziortza-Bolibar) eta Josu Urkia (Iruñea).
Iker Ibarluzea gizonezkoen mailako irabazlea MX3T taldekoekin.
Ez da eguneko kirol bakarri izan. Markina-Xemeingo Master Seriesaren finala hartu du gaurkoan Uni pilotalekuak eta harmailak zesta-punta zalez bete dira. Beaskoetxea-Irastorza eta Goikoetxea-Ekhi aurrez aurre ikusteko aukera eduki dute zesta-punta zaleek. Beaskoetxea eta Irastorza nagusitu dira, Goikoetxea eta Ekhi 14-15 eta 7-15 menderatu dituzte.
Joselu anaiak dantza giroa jarri dute arratsaldean Arkupe aurrean, eta Igorreko Dantzarte, Markina-Xemeingo Zerutxu eta Poloniako Kostrzaine dantza taldeen ikuskizunak Goiko Portalean, gauean.
Bete-bete. Atzo ere leporaino egon zen frontoia Emeki koralaren emanaldi berezia ikusteko. Kepa Junkera eta Sorgiñak izan zituen ondoan herriko koralak eta emanaldiak ikusmin handia eragin zuen; hilarak egin ziren sarreran. Ikuskizuna «ikusgarria» iruditu zitzaion frontoia bete zuen publikoari.
Karmen bezperak joko eta jolasak ekarri zituen Zelaira eta Arkupe aurrera. Egurrezko jokoak, sormen txokoa eta kirol egokituaren guneko probetan ibili ziren ume eta gaztetxoak goiz eta arratsalde. Lagun taldeen arteko Konkixe ere eduki zuten gazteek arratsaldean. Bederatzi taldeetako partaideek galdera-erantzunak, txapel jaurtiketa, gobara lasterketa, ura ahoan eramanda erreleboak, stand up paddel, arku tiroa eta motor txikien lasterketa probak gainditu behar izan zituzten besteak beste. Bost talde onenek herriko merkatari taldeak emandako sariak eraman zituzten: Aldrebesak, Atuttiple, kuxkuxerak, Laili eta Gandulek.
Gazteak Zelaian zebiltzan bitartean Mus eta Briska Txapelketak jokatu zituzten nagusiek, eta herri kirolak ere egon ziren Zelaian goizean. I. Markina-Xemeingo Hiru Lurralde arteko Txapelketa lehiatu zuten.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.