Emakume kirolarien lana nabarmenduz dator jaia
Adin guztientzako eta askotariko gustuak asetzeko hamaika ekintzaz betetako egitaraua dute. Emakumeek kirolean duten presentzia azpimarratuz, herriko bost neska kirolari egongo dira alkatearen ondoan pregoia irakurtzerako momentuan.Kirol ekitaldiek gar...
Adin guztientzako eta askotariko gustuak asetzeko hamaika ekintzaz betetako egitaraua dute. Emakumeek kirolean duten presentzia azpimarratuz, herriko bost neska kirolari egongo dira alkatearen ondoan pregoia irakurtzerako momentuan.
Kirol ekitaldiek garrantzia nabarmena izaten dute urtero Santiago eta Santa Ana jaietan; aurten, baina, kirola eta emakumea batu, eta horien presentzia nabarmendu dituzte.Hain zuzen, Santiago bezperako pregoia eta txupinazoko ekitaldian Garbiñe Saenz de Buruaga alkateak herriko bost emakume kirolari izango ditu alboan. Isuntza arraun eta Tximista atletismo taldeetako gaztetxoak igoko dira balkoira arratsaldean.
Urtean arrazoi desberdinengatik zer edo zer azpimarragarria egin duten herritarrak gonbidatzen dituzte udaletxeko balkoiko pregoiaren ekitaldia. Aurten, emakumeek kirolean daukaten presentzia azpimarratzeaz gain, belaunaldi gazteak indartsu datozela nabarmendu nahi izan dute Ispasterko Udaleko Jai Batzordeko kideek.
Santa Ana egunez, profesional mailako emakumeen pilota partiduaz gozatzeko aukera eskainiko dute. Emakume Master Cup lehiatutako lau pilotari egongo dira Ispasterrren, tartean, txapeldunak: Leire Etxaniz etxebarritarra eta Olatz Arrizabalaga gernikarra. Etxanizek Gentzane Aldai aurrelari orozkoarragaz osatuko du bikotea, eta Arrizabalagak Nagore Arizmendi azpeitiarra izango du atzealdean.
Kros lasterketa herrikoia
Ostean, kros herrikoiaren txanda izango da. Parte hartu nahi dutenek egun berean izena eman beharko dute udaletxean. 8 urtera artekoek 1,1 km-ko ibilbidea egingo dute, eta 9-16 urte bitartekoek, 2,3 km-koa (bi multzotan banatuta). Nagusiek 7 km-ko krosa burutuko dute. Urtero moduan, txapel, garaikur, lore sorta eta diru sari galantak jasoko dituzte azkarrenek.
Domekan hasiko dira, baina, jaiak, bigarren urtez egingo duten erakus txakurren lehiagaz. Goizean adituak edota afizionatuak ariko dira; 08:00etatik 08:30era bitartean izena eman beharko dute. Hiru kategoria daude: ingelesak, kontinentalak eta absolutuak. Arratsaldean, berriz, lehiaketa herrikoia egingo dute, nahi duenak parte hartzeko aukera emanez. Batzuentzako zein besteentzako sari potoloak prestatu dituzte Otoio Ehiztarien Kirol Elkarteko ordezkariek.
Kirola eta parranda uztartzeko jai aproposak dira Ispasterko jai nagusiak. Martitzenean lehertuko da festa giroa, Txanton Pipirriren igoeragaz eta danborradagaz. Aitxitxa Makurrakoen doinuek lagunduta, nahi beste sagardo edan eta gazta eta intxaurrak jateko aukera egongo da Jai Batzordekoen eskutik.
Santiago egunez, santuaren ermitan elkartuko dira, eta meza ostean, ardo gozoa eta pastak banatuko dizkiete nagusienei. Eguerdia Xabat Galletebeitia lekeitiarraren eta Jone Uria getxoztarraren bertsoekin girotuko dute.
Arratsaldean, ostera, ume eta gaztetxoen gozamenerako ginkana edukiko dute. Probak egin bitartean, ondo pasatzeko aitzakia ederra. Bestalde, urtero jendetza erakartzen duen Mus Txapelketa hartuko du frontoiak. 8 Erregetara jokatuko dute, hiru jokora, eta izen ematea bikoteko 20 eurokoa izango da. Txapeldunek garaikurrak eta txapelak janzteagaz batera, 400 euro irabaziko dituzte. Txapeldunordeentzat garaikurrak eta 300 euro egongo dira. Hirugarren bikote sailkatuak 200 euro jasoko ditu, eta laugarrenak 100 euro.
Santanatxu eguna ere berezia da ispastertarrentzat. Herri bazkarian elkartuko dira, eta arratsaldeko XII. Banakako Bola Txapelkearen ostean, iluntzeko mozorro lehiaketa helduko da. Bakarka zein talde txiki edo handietan parte hartu ahal da. Udaletxean izena eman behar da astelehena aurretik (94-684 29 99).
Bolo txapelketan parte hartzeko, izena eman beharko da 17:45etik 18:00etara, eta 3 euro ordaindu beharko dira. Sariei dagokienez, irabazleak txapela eta 60 euro jasoko ditu; bigarrenak 40 euro eta hirugarrenak 20 euro.
Santanatxu egunean parranda giroa izango dute goizaldera arte. Herriko jai nagusiak Liskerren musikagaz dantzatuz agurtuko dituzte datorren urtera arte. Gauerdian izango da Txanton Pipirriren jaitsiera, eta aurretik eta ondoren, erromeria alaia. Atsedenaldian, soka saltoan duten abilezia erakusteko aukera izango dute gazte zein helduek.
Parrandazaleek ibilgailua hartu beharrik izan ez dezaten, Lea-Artibaiko udalerrietatik Gababus zerbitzua egongo da jaietako azken gauean. Era berean, eatarrentzat ere autobus zerbitzua eskainiko dute. 22:30ean Txangurro aurretik aterako dira Ispasterrerantz, eta bueltarako, berriz, 03:30ean dute ordua Ispasterko autobus geralekuan. Txartelak autobusean bertan eskuratu ahalko dira.
Jaietan gozatzeko, eta «pasa barik, ondo pasatzeko» gonbidapena luzatu du Ispasterko Udaleko Jai Batzordeak.