‘Nojud naiz, 10 urte eta dibortziatuta’ liburua itzuli eta aurkeztu du Carmen Gisasola markina-xemeindarrak

Langraitzeko (Langraiz Oka, Araba) espetxean zegoela, jatorriz marokoarra zen neska frantses batek oparitu zion  Gisasolari Nojud Aliren liburua. “Emakumeen gaia sakonago jorratu eta frantsesa lantze aldera, liburua itzuli egingo nuela erabaki nuen. Aurretik hogei hizkuntzatara itzulita zegoen”. Esan eta egin. Gaur [urriak 11], Erein argitaletxearen eskutik, markina-xemeindarrak Donostiako Udal Liburutegian aurkeztu du Nojud naiz, 10 urte eta dibortziatua liburua, Inazio Mujika editorearen laguntzagaz.

“Frantzian bizi izan nintzen zenbait urtez, eta ezagutzen nuen balore laikoek gizartean zelako eragina zuten. Laikotasunak eragin handia du erlijio balore hertsi eta atzerakoiei aurre egiteko orduan. Hemen, ordea, laikotasunaren ikuspegitik horrelako gaiak gutxi jorratzen dira”.

Presio sozialaz baliatuz, erlijioek balore atzerakoi batzuk inposatzeko indarra eduki dutela dio Gisasolak. “Hemen ere, elizarekin gauza bera gertatu izan da urte askoan”. Hala, ezkontza goiztiarrak eta ezkontza barruko indarkeria kasuak ez direla Islamaren patrimonio hutsak dio Gisasolak. “Asko kostata, Mendebaldean emakumeok askatasun eremuak geureganatuz goaz, nahiz eta parekotasunera oraindik iritsi ez”. Markina-xemeindarrak pentsakera horrek bultzatuta, eta balore atzerakoiak ezin direla onargarritzat jo iritzita itzuli du liburua.

Nojud Ali Carmen Gisasola

Gisasola, liburuaren aurkezpenean. Argazkia: Erein argitaletxea

Sinopsia. Nojud Ali da liburuko protagonista, 2008. urtean, 10 urte zituela, bera baino hiru aldiz zaharragoa zen gizon batekin ezkonarazi eta handik bi hilabetera dibortzioa lortu zuen neskato yemendarra. Ali munduko dibortziaturik gazteena bilakatu zen. Aitak behartu zuen Nojud eskola utzi eta ezkontzera. “Utzi egiozu ume baten moduan ibiltzeari“, esan zion aitak ezkontza bezperan.

Senarrak gauero sexualki erasotzen zuen, amaginarrebaren laguntzaz. Eta ezin zuen ezer esan. “Aitarena izateari utzi diozu, orain nirea zara“, esaten zion senarrak jipoitzen zuen bitartean.

Mundu mailan. Nazioarteko komunikabideei esker, Nojud Aliren dibortzioa mundu osoan egin zen ezaguna, eta ordura arte isilik mantentzen zen praktika etetea eragin zuen, nahiz eta oraindik beste herrialde batzuetan eguneroko ogia izaten jarraitzen duen: Afganistan, India, Iran, Egipto, Pakistan…

Nojud naiz, 10 urte eta dibortziatua

2008ko azaroan Urteko Emakumeen Saria jaso zuen Alik New Yorken (Ameriketako Estatu Batuak). 2009an Yemengo Legebiltzarrak ezkontza legea 17 urtetan jarri zuen, neska zein mutilentzako. Eta ezkontza hitzarmena epaile batek izenpetu behar duela onartu zuen.

Urte berean, nazioartean sortzen ari zen zalaparta tarteko, agintari yemendarrek pasaportea kendu zioten Aliri. Hala, ezin izan zuen Austriara Urteko Emakumeen Saria jasotzera joan.

2013an aitak etxetik bota zuela, bere ahizpa txikia ezkonarazi nahi zuela eta liburuarekin ateratako diru guztia xahutu zuela jakinarazi zuen Alik.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

Send this to friend