Fernando Salegi (Eguzki): “Hainbeste isurketaren aurrean ez dute neurri bat bera ere hartu”

Azken hilabeteotan inoizkorik isurketa gehien egon dira Ondarroa eta inguruetan. Eguzki talde ekologista kezkatuta agertu da gaiagaz. Urtea oso beltza izan dela nabarmendu dute. HITZAk Fernando Salegi (Elgoibar, 1953) ekologista elkarrizketatu du gaiaren nondik norakoak emateko.

Isurketei dagokienez, zelako urtea izan da aurtengoa?
Aurtengoa urterik-eta gogorrenetarikoa izan dela deritzogu. Hondamen hutsa izan da.

Isurketa askoren berri eman duzue.
Kasu batzuetan, salaketa ipini dugu, eta beste batzuetan, gauza bera zenez, ez dugu salatu ere egin.

Eta hori?
Salaketa ipini ostean isurketa gertatu den tokira ertzainak edo udaltzainak bertaratzen dira, baina, gure ustez, ez dute askorik egiten. Isurketa horiek ez dira delitu modura kontuan hartzen-eta; hori da txarrena.

Fernando Salegi, Ondarroako portu gainean

Fernando Salegi, Ondarroako portu gainean

Ze alternatiba dago?
Zoritxarrez, hau dena konpontzeko alternatiba bakarra isunak jartzea dela dirudi. Bestelakoan, kasurik ere ez dute egiten.

Isurketak egiten dutenek isunik jasotzen al dute?
Dakigunez ez. Inpunitate osoa dute isurketak egiten dituztenek. Eta egoera horregaz amaitu beharra dagoela iruditzen zaigu.

Jarraipenik egiten da?
Isurketa bat gertatzen denean ez da inolako jarraipenik egiten, ezta ikerketarik ere. Eta berriro ez gertatzeko ere ez dute inolako neurririk hartzen. Lapurreta bat egongo balitz, adibidez, ikerketa bat zabalduko litzateke, baina kasu hauetan horrelakorik ez da egiten. Aurrekoan gasoil isuria egon zen portuan, eta egun hartan ontzi gutxi bazeuden ere, ez zuten ikerketarik zabaldu. Jaurlaritzak eta Marinako laguntzaile bulegoak ez dute ardurarik hartzen, batak bestearen gain jartzen du erantzukizuna.

Ondarroan eta inguruotan, gainera, puntu beltz asko daude.
Kasu batzuetan isurketa batzuk noizbehinka izaten dira, eta beste batzuk sarritan. Mijoa errekako eta Artibai errekako isurketak, portukoak…  noizbehinkakoak dira; hala ere, nahikoa larriak izaten dira. Araztegian ere lantzean-lantzean tratatu gabeko ura isurtzen dute. Zaldupe kiroldegi inguruan, ostera, ez dago araztegira doan hodi biltzailerik, eta inguru hortako ur zikin guztiak, zuzenean, errekara isurtzen dira etengabe. Ibaiaren beste aldean, aldiz, hodi biltzaileak badaude ere, puntu batzuetan ur zikinak zuzenean doaz errekara, eta hori larriagoa dela iruditzen zaigu.

Fernando Salegi Eguzki talde ekologistako kidea

Fernando Salegi Eguzki talde ekologistako kidea

Hori eteterik ba al dago?
Lehendabizi, isurketa egiten dutenak identifikatu beharko lirateke, eta, ondoren, hodi biltzailera ordez ur zikinak zergatik errekara bideratzen dituzten aztertu beharko da.

Isurketek, oro har, ze kalte eragiten dituzte ingurumenean?
Ekosistemetan kalte handiak eragiten dituzte; arrainak, ostrak, muskuiluak… eta horiek denak kutsatzen dituzte. Pertsonetan ere arazo asko eragin ditzakete: dermatitisa eta azaleko hainbat arazo, konjuntibitisa… eta beste hainbat alergia eta infezio.

Isurketa baten aurrean zer egin behar da?
Larrialdietako 112 telefono zenbakira zuzenean deitzea da komenigarriena. Gero, nahi duenak, guri ere deitu ahal digu, 688 66 25 32 zenbakira. Guri ere ondo etorriko zaigu horren jarraipena egiteko. Bestalde, uretan orbanen bat ikusiz gero, ahal bada, uraren lagin bat hartzea ere lagungarri izango litzateke. Ur hori aztertu, eta elementu kutsatzailea zein den jakinda, erruduna zein den jakitea ere errazagoa izango da.

Zer balorazio egiten duzue?
Azken urtea oso beltza izan da. Ohikoa baino isurketa gehiago egon dira azken hilabeteotan, eta errudunik ez da agertu. Behingoz erakundeek esku hartzea nahi dugu, eta errudunak aurkitzea. Hainbeste isurketaren aurrean ez dute neurri bat bera ere hartu. Errudun bat ere ez dute identifikatu. Delitu ekologikoei ez zaie behar besteko garrantziarik ematen. Inor ez da gai izan errudunak aurkitzeko.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU

Send this to friend