Antxon Alberdi etxebarritarrak eta Mikel Elkorobarrutia markina-xemeindarrak Durangoko Ugarein Xistera Zirkuituko Txapelketa irabazi dute nagusi mailan. Gazte mailan, berriz, Aitzol Galletebeitia lekeitiarrak eta Aize Iturraldek lortu dute txapela.
Txapelketa eguenean [azaroak 1] jokatu zuten Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Goizean kanporaketak eta arratsaldean finalak jokatu zituzten.
Kanporaketak kiniela erara eta 15 tantora jokatu zituzten. Gazteetan, Galletebeitia eta Iturralde hasieratik nagusitu ziren, eta eurentzat izan zen lehen postua. Bigarrenerako berdinduta geratu ziren Sorozabal-De Betelu eta Garcia-Goitiandia, eta kitarakoa jokatu behar izan zuten; Sorozabalek eta De Beteluk osatutako bikotea sailkatu zen finalerako.
Durangoko finalistak. Argazkia: Xistera
Maila nagusiko kiniela, berriz,
dotorea eta ederra izan zen. Lehian egon ziren zortzi bikoteetatik zazpik azkeneko unera arte izan zuten finalean sartzeko aukera. 15era lehendabizi ailegatu zirenak Urriolabeitia markina-xemeindarra eta Aitor Elkorobarrutia markina-xemeindarra izan ziren. Bigarren, berdinduta geratu ziren, tanto bakarrera, Antxon-Mikel Elkorobarrutia eta Aaron-Zugaitz. Kitarakoa jokatu ostean, bikote bizkaitarra sartu zen finalean.
Finalari dagokionez, Galletebeitiak eta Iturraldek 2-1 irabazi zioten Sorozabale eta De Beteluri gazte mailan (8-15, 15-8 eta 5-4). Maila nagusian, aldiz, Urriolabeitiak eta Aitor Elkorobarrutiak 0-2 galdu zuten Antxon Alberdiren eta Mikel Elkorobarrutiarren aurka (13-15 eta 8-15).
Emaitza horiek kontuan hartuta, gainera, Aitzol Galletebeitiak, gazte mailan eta Antxon Alberdik, maila nagusian,
final nagusirako bidea hartu dute.