Haur eta gazte literatur lehiaketa egingo dute bigarren urtez

2018ko Haur eta Gazte Literatur Lehiaketa martxan dago. Bigarren urtez, herriko ume eta gazteen artean euskal literatura sustatzeko asmoz antolatu du Ispasterko Udalak, eta, hortaz, lanak euskaraz idatzitakoak izan behar dira.

Era berean, originalak izatea eskatu dute; beste lehiaketaren batera aurkeztu gabeak eta inon argitaratu gabeak.

Parte hartzaileei dagokienez, 1988 eta 2012 urteen artean jaiotakoek parte hartu dezakete; sei kategoriatan banatuta. Horrez gain, Ispasterren erroldatutako egotea edo bestela udalerriko eskolan matrikulatuta egotea ezinbestekoa da parte hartu ahal izateko.

Iaz ez bezala, aurten gai zehatz bat aukeratu dute: 11 egunez euskaraz. Parte hartzaile bakoitzak idazlan bakarra aurkeztu dezake. A kategorikoek nahi beste hitz eta marrazki bat izan beharko dute. Eta gainontzeko kategorietako herritarren lanek gutxienez 200 hitz eduki beharko dituzte.

Aurkezteko moduak

Azaroaren 23an amaituko da lanak aurkezteko epea. Horretarako, bi bide daude. Batetik, posta elektronikoz bidali daitezke kulturetxea@ispaster.net helbidera, eta bestetik, lanak gutun azal batean sartu eta udaletxean utzi daitezke.

Modu batean zein bestean aurkeztu, lanak PDF formatuan eraman behar dira, eta goitizenez sinatuta (ezin da egileen datu pertsonalik agertu).

Parte hartzaile bakoitzaren datuekin fitxa bat behar da; udalaren webgunean (www.ispaster.net) eskuratu ahal dute interesatuek.

Lehiaketaren irabazleak saritzeko ekitaldia abenduaren 3an (Euskararen Eguna) egingo dute, Udal Liburutegian.

Kategoria guztietako irabazleek diploma bana jasoko dutela aurreratu dute. Horregaz batera, adinaren araberako sariak zehaztu dituzte. Hain zuzen ere, liburuetan edo eskola materialetan gastatzeko txartelak edota Mendexako Abentura Parkera joateko bi sarrera emango dizkiete irabazleei.

Jakitera eman dutenez, aurkeztutako lan kopurua esperotakoa edo aurreikusitakoa baino handiagoa izango balitz, atzerapena izan ahalko luke lehiaketak, epaimahaikideek lanak irakurtzeko eta aztertzeko denbora beharko duelako.

Hala, epaimahaiaren arabera idazlanak ez balira beharrezko kalitate mailara iritsiko sariak eman gabe uzteko erabakia hartu ahalko luke. Epaimahaikideak Ispasteko Udalak izendatuko ditu.

Aurkezturiko ipuinak udalaren esku geratuko dira, eta ondorioz, udalak bere webgunean edota beste komunikabide zein euskarritan argitaratu ahal ditu (beti ere egilea aipatuz). Era berean, lehiaketan egindako argazkiak eta bideoak erabili ahal izango ditu.
Ez dago iruzkinik

LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU

Send this to friend