27 adituk osatutako lantaldea ari da Lekeitioko Armintxe koba ikertzen

ADES espeleologo-taldeak 2016. urtean kobazuloa aurkitu zuenetik Lekeitioko Armintxen egiten ari diren lanen berri eman dute gaur [azaroak 14] goizean Bizkaiko Foru Aldundian Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako diputatuak, Cesar Gonzalez Sainz historiaurrelariak, Juan Carlos Quintana arkeologoak eta Maider Ledesma geologoak. Jakitera eman dutenez, nazioarteko 18 unibertsitate, ikerketa zentro eta ikertzaile taldeetako 27 adituk osatutako lantaldea ari da Armintxeko koban ikerketa eta kontserbazio lanak egiten. Barrunberako sarrera eta aretoen arteko pasabideak egokitu dituzte, hidrologia eta ingurumen azterlana garatu dute, 3D teknikak erabiliz panel nagusiari buruzko dokumentazio grafikoa jaso dute, Paleolitoko arteaz dekoratutako panel guztiak aztertu dituzte eta kobako atartean indusketa arkeologikoko lanak egin dituzte.

Lekeitioko Armintxe koban egindako aurkikuntza. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

Lekeitioko Armintxe koban egindako aurkikuntza. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

Indusketa arkeologikoa. Jakitera eman dutenez, labar-arteaz harantzago, koba hori Historiaurreaz geroztik okupatu dela adierazten duten aztarnak ere badaudela egiaztatu ahal izan dute ikerketa arkeologikoaren bidez. Armintxeko kobako atartean ez dute giza okupazioaren zantzurik aurkitu, hala ere, koban hiena zulo bat egon zela erakusten duten hondarrak aurkitu dituzte: haitzuloetako hienaren haginak; haragijale horrek kobara ekarritako harrapakinen hondarrak (oreina eta bobido handi bat) eta hienaren koprolito ugari (mineralizatutako gorotz fosilak). “Informazio iturri baliotsua  inguruko paleoklima eta paleolandaredia eta haragijale espezie horren dieta ereduak ezagutzeko”.

Dekoratutako panel nagusia dagoen lekuan, berriz, Madeleine aldiko multzo grafikoaren exekuzioarekin lotu daitezkeen zantzu batzuk aurkitu dituzte: “erretako egur zatiak, seguru asko Madeleine aldiko artistek erabilitako argiztapen sistemetakoak, eta erabili izanaren itxura duten hezur zatiak”. Azken horiek aztertzen ari dira gaur egun, Armintxeko hormak grabatzeko eta dekoratzeko erabili ote ziren zehazteko.

LEKEITIOKO_ARMINTXE_KOBAN_

Kantabriako Historiaurrearen Ikerketen Nazioarteko Institutuko katedradun Cesar Gonzalez Sainzek egindako ikerketaren arabera, prozedura teknikoetan dago Armintxeren bereizgarri nagusia. “Kalkarenitazko euskarriak zaildu egiten du ohiko grabatze lana –objektu zorrotz bat arrastatzea ildo bat irekiz–. Horregatik, marra sinpleak trazatu dira gainazal hori karrakatuz”.

Gonzalez Sainzek adierazi duenez, guztira, 68 unitate grafiko katalogatu dira: animalien 37 irudi (23 zaldi, 4 bisonte, 4 ahuntz, 2 lehoi, zehaztu gabeko zerbido bat, eta zehaztu gabeko koadrupedo baten 3 zirriborro). Eta zeinu abstraktuak, marra paraleloen sorta ez-figuratiboak, 14 marra, banaka edo serieetan, antolatu gabekoak eta ez-figuratiboak.

Uholde arriskua. Bestalde, hidrologia eta ingurumen azterlanen bidez kobazuloa urez betetzeko arriskua dagoela ondorioztatu dute.”Lekeitioko saihesbidetik datozen urek lur azpiko ibaiaren goraldi puntak eragiten dituela egiaztatu da, eta goraldi horiek ez dute zerikusirik kobazuloko fluxu naturalarekin. Gainera, kobazuloa aurkitzen den sistema karstikoaren behealdean gauzaturiko eraikuntza eta urbanizazioek, sistema horrek Lea ibaira duen isurbide naturala galarazten du”.

Baina jakinarazi dutenez, uraren goraldiek ez die eragiten erdiko eta goiko galerietako grabatuak dituzten panelei. Hala ere, arazo hori konpontze aldera eta urak etorkizunean Armintxeko apaindutako guneak estaltzeko aukerarik eduki ez dezan, kobazuloko fluxu hidrikoa normalizatzea ahalbidetuko duten obrak egingo dituzte 2019an. “Larrotegi sisteman eta, beraz, kobazuloan, landare hondakinak eta zaborrak sartzea saihestuko duen iragazteko geruza bat jarriko da uren sarrera nagusian (Larrotegiko sarbegian) eta fluxu hidrikoaren zati bat Gardata errekara desbideratzeko banaketa kutxatila bat jarriko da”.

HONEKIN LOTUTA:

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

Send this to friend