Larrialdi zerbitzuek domeka [azaroak 19] goizaldean Ondarroako barra musturrean desagertutako arrantzalearen bilaketari ekin diote gaur [azaroak 19], eguna argitu orduko. 08:00ak bueltan hasi dira itsasoz, airez zein lurrez bilaketa egiten Ertzaintzaren uretako unitatea, Itsas Salbamenduko helikopteroa eta Gurutze Gorriko ontziak. Ertzaintzak azaldu duenez, Guardia Zibilaren ontzi batek ere bilaketan lagundu du gaur.
Larrialdi zerbitzuek, gainera, bilaketa eremua zabaldu egin dute; Mutrikutik hasi eta Lekeitioraino. “Ordu asko pasa dira, eta pixka bat zabaldu egin behar izan dugu bilaketa eremua. 08:00etan eguna egitearekin batera, eta marea behean zegoela irten dugu aprobetxatzera ea zorterik bazegoen, baina oraindik ez dugu ezer aurkitu, eta segi egiten dugu bilaketan”, aitortu du Migel Angel Anakabe Ondarroako Gurutze Gorriko kideak.
Urpekariak Ondarroan desagertu den arrantzalearen bila. Argazkia: UVR Ertzaintza
18:00etan, berriz, bilaketa bertan behera utzi behar izan dute, argi faltagatik. Ez dute arrakastarik eduki, eta bihar [azaroak 20] 08:00etan ekingo diote bilaketa lanei, hirugarren egunez jarraian.
44 urteko arrasatearra domeka goizaldean desagertu zen arrantzan ari zela. Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, arrantzalearen lagun batek eman zuen abisua, domekan 02:30ak aldera. “Norbanako batek abisua eman digu, Ondarroako portu musturrean zegoen arrantzale batekin hitzordua zuela, baina ez zuela aurkitzen. Portu musturrean kainabera aurkitu du, baina arrantzalea ez zegoen bertan”.
Abisua jaso orduko gizonezkoaren bilaketa hasi zuten Ertzaintzaren urpekari talde batek eta Ondarroako Gurutze Gorriko itsas salbamenduko ontzi batek. Aldi berean, larrialdi zerbitzuetako teknikari bat eta suhiltzaileak portu musturrera joan ziren. Eguna argitu orduko, gainera, bilaketa areagotu egin zuten.
Ondarroan desagertutako gizonezkoaren bilaketa lanak, gaur goizean. Argazkia: SOS Deiak
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.