Larrialdi zerbitzuek domeka [azaroak 19] goizaldean Ondarroako barra musturrean desagertutako arrantzalearen bilaketari ekin diote gaur [azaroak 20] hirugarren egunez jarraian. Eguna argitu orduko,
08:00ak bueltan, ekin diote bilaketa lanei itsasoz zein airez.
44 urteko arrasatearra domeka goizaldean ikusi zuten azkenekoz arrantzan Ama Birjina dagoen parean. Oraindik ez dute haren arrastorik aurkitu. Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, moilan arrantzan ari zen arrantzalearen lagun batek eman zuen abisua,
domekan 02:30ak aldera. “Norbanako batek abisua eman digu, Ondarroako portu musturrean zegoen arrantzale batekin hitzordua zuela, baina ez zuela aurkitzen. Portu musturrean kainabera aurkitu du, baina arrantzalea ez zegoen bertan”.
Abisua jaso orduko gizonezkoaren bilaketa hasi zuten Ertzaintzaren urpekari talde batek eta Ondarroako Gurutze Gorriko itsas salbamenduko ontzi batek. Aldi berean, larrialdi zerbitzuetako teknikari bat eta suhiltzaileak portu musturrera joan ziren. Eguna argitu orduko, gainera,
bilaketa areagotu egin zuten, baina ez zuten arrakastarik eduki.
Gurutze Gorria bilaketa lanak egiten. Argazkia: Ondarroako Gurutze Gorria
Migel Angel Anakabe Ondarroako Gurutze Gorriko boluntarioak azaldu duenez, ezbeharraren
berri eduki orduko barra musturrera urreratu ziren. “Lehenengo
Ondarroa II txalupa arinagaz ekin genion bilaketari, ustez erori zen lekutik gertu bizirik aurkituko genuela uste genuelako. Arrantzalea desagertu zela ordu gutxi ziren, eta pixka bat kostan ere zabalduta ibili ginen bilaka. Harutzago bere jaka agertu zen, eta gune horretan bila aritu ginen. Ez genuen zorterik eduki, eta hortaz, kanporantz pixka bat zabaltzen hasi ginen, marea ere behera zihoan eta. Ordu eta erdi batez bila aritu ginen, eta ez genuenean aurkitu, barurra etorri eta
Merak ontzi handiagoa hartu genuen, hobeto prestatuta dagoelako”.
Bilaketa eremua ere zabaldu egin dute. SOS Deiakek koordinatuta ari dira lanean larrialdi zerbitzu guztiak, eta hobetoen ezagutzen den gunea denez, Ondarroa eta inguruak arakatzen ari dira Gurutze Gorriakoak. Lehen egunean Moku eta Galdonazpi tartean ibili ziren. Azken egunotan, berriz, bilaketa
perimetroa Lekeitio eta Mutriku artera zabaldu behar izan dutela nabarmendu du Anakabek.
Itsas korronteak, mareak, olatuek, haizeak… hainbat faktorek eragin dezakete bilaketan
Gaur ere
perimetro berean ari dira bila Gurutze Gorrikoak. Kanporagotik Itsas Salbamenduko helikopteroa eta Ertzaintzako ontzia, helikopteroa eta urpekariak dabiltza. Egunero 08:00etan hasten dira martxan, eta gaua egin arte bilaketari ekiten diote, 18:00ak arte.
Gurutze Gorrikoek antzeko bilaketetan esperientzia handia badute ere, bilaketa bakoitza bestearekiko desberdina izaten dela azpimarratu dute. Itsas korronteak, mareak, olatuek, haizeak… hainbat faktorek eragin dezakete bilaketan, eta zenbat eta ordu gehiago pasa zailagoa bihurtzen da bilaketa. Gorpua non dagoen jakitea oso konplikatua dela diote.
Gaurko bilaketa, esaterako,
aurrekoak baino zailagoa izango dela aurreikusten dute, ikusgaitasuna, esaterako, aurreko egunetan baino txarragoa delako. Haize nahikoa dago eta itsasoa ere nahikoa zakar dabil gainera.
Ondarroan galdutako arrantzalearen bilaketa. Argazkia: Ondarroako Gurutze Gorria
Bilaketari dagokionez,
hainbat maniobra egiten dituzte Gurutze Gorrikoek, betiere, itsasoaren egoera eta momentu horretan dagoen ikusgaitasuna zelakoa den kontuan hartuta. Batez ere, sigi-saga edo kaleak egiten ibiltzen dira. “Gaur, adibidez, itsasoa jotzen ari da. Eta gorpua kanpoan egon baldin bada itsasoak kostalderantz botatzea izan liteke. Hori dela eta, kostatik ahalik eta gertuen gabiltza, eta gero zabaldu egiten gara. Gaur, gainea, ikusgaitasun oso gutxi dago, beraz, kaleak ere estuagoak izango dira. Atzo, bestalde, ikusgaitasun hobea egon zen, eta sigi-saga gehiago ibili ginen”.
Lantaldea, bestalde,
txandaka antolatzen da. “Bi ordu inguruko txandak egiten ditugu. Itsasoaren egoeraren arabera ere, bilaketan ari direnak azkarrago nekatu daitezke, eta holakoetan txandakatzea komeni da. Uneoro erne egon behar izaten dugu, eta ordu askoko txandak eginez gero, arreta ezin izaten da behar beste mantendu”. Atseden hartu ondoren, hurrengo txandarako prest egoten dira boluntarioak.