VI. Errege Bideko krosa, domekan, Berriatuan
Berriatuko Udalak antolatuta, Errege Bideko krosa domeka [abenduak 2] goizean egingo dute. Parte hartu nahi dutenek egunean bertan izena eman beharko dute. Proba adin guztietako herritarrei dago zuzenduta. Izan ere, bi ibilbide egongo dira aukeran: 8 kilometroko bidea eta 3 kilometrokoa (14 urtera artekoentzako).
Zortzi kilometroko ibilbidea Mutrikuko Saturraran hondartzako aparkalekuan hasiko da, eta Berriatuko plazan amaitu. Hiru kilometrokoa, ostera, Berriatuko Arantzibia dorretxearen parean hasi eta Berriatuko plazan amaituko da.
Izen-ematea eta irteera orduak. 09:00etan Berriatuan bertan izena eman ahalko da; Saturreranera joateko autobusa 09:45ean aterako da Berriatutik. Dena dela, Saturraranen ere izena emateko aukera egongo dela esan dute antolatzaileek. “Hori bai, gero ez da itzultzeko autobusik egongo”. Bi lasterketak, luzea eta motza, 10:30ean hasiko dira. Umeei dagokienez, horiek Berriatuan izena eman beharko dutela zehaztu dute.
Sari banaketa 11:30ean egingo da, Berriatuko plazan. Hiru sari banatuko dituzte: lehenengo emakumea, lehenengo gizonezkoa eta lehenengo bikote misto berriatuarra.
Ekintza Urepel kirol taldearen laguntzagaz egingo da.