“Aitarekin bidaian” zahartzaroari buruzko kronika, Uhagonen
Jose Ramon Soroiz eta Joseba Apaolaza aktore ezagunek aita eta semearen papera egingo dute zapatuan, 19:30ean taularatuko duten antzezlanean
Jose Ramon Soroiz (aita) eta Joseba Apaolaza (Patxi) elkarrekin bizitzera behartuak izan diren aita semea dira. Halaxe eskatu zion amak hil aurretik Patxi semeari, haren faltan aita zaintzeko, eta amari emandako berbea betetzen saiatuko da Patxi. Horixe da, zapatuan, Uhagon kulturgunean ikusi ahalko den Aitarekin bidaian antzezlanaren abiapuntua. Historiak itxuraz dramarako osagai guztiak dituen arren, umoreari ere tokia uzten dio eta ondorioz momentu barregarri eta hunkigarri asko be sortuko dira. Jabier Muguruzak ere parte hartzen du antzezlanean. Aitak akordiolari on bat izatearekin amesten du eta Muguruzak aitaren irudimenean azaltzen den pertsonaia hori irudikatzen du. Sarrerak, jadanik salgai dagoz Uhagon kulturguneko tabernan 8 eurotan, 4 euro bazkideentzat, eta kopuru mugatua egongo dela jakitera eman dute antolatzaileek. Ikuskizuna 19:30ean hasiko da.